Aiora naiz ( eta harro gaude)

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2017ko ots. 10a, 08:03

kolaboratzaileak

Urtarrilean bolo-bolo, puri-purian eta jira-birakari ibili zen sare sozialetan barrena Aiora izeneko neska batek Facebook-era jaurtiriko euskara hutsezko bideo bat. Zerabilkien gaia El Conquis-eko partaide baten jardun lerdoa zen.

Aioraren tonu zein hausnarketa zuzenak ziren oso, adi entzuteko eta begiak zabalik  ikusteko bideotxoa, alajaina. Kontua da sorkari hau izugarri zabaldu zela lehen-lehen unetik Facebook-en eta gauetik goizera espainiar estatuan ikusienetakoa gertatu zela. Izugarri zabaldu eta harrigarri hedatu jende ugariren iritziz. Erreakzio parrasta ekarri zuen Aioraren honek eta iruzkin mordoa, horietako asko gaztelaniaz. Batzuk-batzuk eskandaluz kexu ziren azpititulurik ez zekarrelako, baina ez ziren falta, izpirik ez ulertu arren, euskararen edertasuna goraipatzen zutenak, gaztelaniaren mundutik gutxitan ikusten dugun politezia erakutsiz.

B. Etxeparek 1545ean bota zuen halako “Jalgi hadi plazara” ausart eta banguardista bat, inprentaren zabalkundeak zekarren aukeraz eta premiaz arras jakitun. Hizkuntzak, ttiki zein handi, bizirik iraungo badute garaian garaiko ibili beharreko (heda)bideak baliatu beharrean daude. Eskolara, unibertsitatera, irratira nahiz telebistara euskararen doinua berandu iritsi zen, beranduegi. XXI. mendeko aro digitalean, ordea, euskararen plazaratzea azkarragoa eta sakonagoa suertatzen ari da, besteak beste, Aiora bezalako ehundaka lagunen jardun kementsu eta kreatiboari esker. Plazaz-plaza, Etxepareren ametsari ekinez, bide malkartsuan gora beti ere.