Handia egin zuen leitzarrak, alajaina, maiatzaren 28an Bizkaia pilotalekuan buruz buruko finala irabazita. Bada, Bengoetxeak bazituen aldez aurreko oztopo galantak titulu hau bereganatzeko, eta oztoporik nagusiena Iker Irribarria zen. Goierriko txapeldunaren sasoia gutxitan ikusten eta gozatzen den horietakoa da, haren lasterrak eta pilota astintzeko ahala ere apartak, dohaiak lehiatzeko soberan. Apostuen abiatzeak ere zalantza gutxisko uzten zuen: 100-40 gorriaren ( Irribarriaren) alde.
Zaila zuen zaila zuenez Oinatzek, baina finaleko lantegia zorrotz eta zehatz azterturik ekarri zuen etxetik. Irribarria endredatzea eta aztoratzea xede, bere baliabide guztiak erakutsi eta lotsarik batere gabe probestu zituen.
Sake bakoitza ustegabeko bat zen Irribarriarentzat, orain arrasean zabalera, orain loratua kantxaren erdira, orain bihurritua ezker hormara.
Ederki asmatu zuen defentsa lanetan, goierritarraren zartakoak ez baitziren, ez makalak izan eta. Tantoa amaitzen ere fin-fin eta zital jardun zen urdina eta errepertorio luze-zabal bat garatu zuen aukera izan zuen guztietan.
22kora iritsita sinetsi ezinda zegoen leitzarra, baina bai. Bederatzi urte ondoren banakakoaren nagusi berriz. Askok diote Aimar eta Irujoren itzalek ez diotela palmares potoloagoa osatzen utzi. Bengoetxeak, baina, ez du etsi, eta aurten Olaizola, Urruti eta Irribarria, hots, hiru txapeldun garaitu ditu eta txapela burugainera berriz ekarri.
Hala ere, kasu, Irribarriak dio porrota gora-behera, asko ikasi duela eta 2018koan kittara emateko prest dagoela. Bi belaunaldi ezberdinetako pilotariak izanen ditugu, beraz aurrez aurre. Bitartean bejondeiola pilotari, bejondeiola Bengoetxeari!