Udaren atarian Guaixe berritua etorri zitzaigun galai eta lizar hostoz jantzia, irastor basatien usainez eta zilarrezko kikaretan zerbitzatua. Sakankari honek seiehungarren zenbakia egiten zuela-ta opari ederra egiten zien irakurleei zein Burunda-Aranatz-Arakili. Azaleko irudia ez zen makala, ez horixe. Guaixeneko eskifaia 600 baten barruan, espaziontzi ultrasideral batean baleude bezala denborari eta esparru fisikoari desafio eginez tinko eta irriz.
Beraz, poliki eta dotore, taxuzko bezain geldiezin doa Guaixe, Sakanako egunerokoa aletzeko prest eta irakurleekin partekatzeko prest. Bidenabarrean, ea laster ematen digun gazte altsasuarren etxeratzearen berria. Adur, Jokin eta Oihanendako goraintzi.
Nolanahi ere den, itxura berritzea gutxitzat jo Guaixek eta liburu eder batez saritu ditu hartzaileak. Potroak odoletan du izenburua sorkariak. Alfredo Alvaroren eskutik ipuin sorta bizi eta zinez bitxia, paradoxaz eta giza-esperientzien zapore gozo-garratzez betea. Morkotsek marrazki zoragarri eta futuristez hornitzen ditu hitzarteak eta Javi Traperorena da azaleko eskultura gogo-aztoragarria. Ez dakit inon ote dagoen ikusgai irudi hau, baina Altsasuko intxaurrondoaren ezpal zaharrekin egin liteke halako erreprodukzio handios eta solemne bat, Burundako hiri buruzagiaren ikur efimero gisa. Non paratu besterik da. Zumalakarregi, Sanpedrozelai, Arkangoa, Sorozarreta, Otai? Hautagairik ez da faltako.
600a ospatzeko, honako honekin txunditu bagaituzte, nola ospatuko dute 666a? Sakankari hau satankari bihurtuz ote?