Irailaren lehenarekin

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2017ko ira. 1a, 08:05

kolaboratzaileak

Aurten Guaixeko opor-itzulera irailaren lehenarekin gauzatu da. Horrela agindu du egutegiak eta lehen ostirala hilaren mustutzearekin datorkigu. Jende gehiena honezkero etxean, batzuk-batzuk bidean eta bakan batzuk oporrei azken ttanttak zukutzen ari dira.

Uharten Artzai Egun berezia ospatu berri dute ohorez eta arrakastaz, Neolitikotik heldu den antzinako ogibide bati ikusgarritasuna emanez, Euskal Herriaren izaera hezurmamitu zuen bizimodu bat erakutsiz eta etorkizuneko belaunaldietan artzainzak eduki ditzakeen aukerak aurkeztuz.

Artzai Egunaren ondoak, bestalde, errutinaren hurbiltasunak iragartzen digu. Bero-galdak, argi-orduak bezala urritzen doaz emeki eta udazkenaren lehen zantzuak izango ditugu sarri geure begietan, Sakanako basoak urrez eta gorriztez hornituko dira ibiltarien opari eta taxuz antolaturiko supilak erabiltzeko garaia gerturatzen zaigu.

Bergisan piper erreen usaina aditzen hasiak gara eta Donostiako estropaden egunak ate joka ari zaizkigu. Arraun lehiaketa hauei aspaldi kantatu zien Orixe idazleak Euskaldunak liburuan. Handik jatorrizko grafiak bere hartan utzirik bi bertso ekarri dizkizuet. Irail on-ona urai ezazue.

(...) „ Ontziak ola, arraunak ala/ mutillak ez aundiegi/ zama aundiz lana bota ez dien/ gainez beren burueri./ Lerden, indartsu, besoak zaiñar, / gorputza, berriz, giarri/ sabela serail, lepoa legun/ batez ere biguin gerri.(...)

Esnezaleak atez ate ta/ èk, kalez itsas-egira./ Uri aundian amaika loti/ maindire-tartean dira./ Ez dira esnatzen eguzki-izpa/ etorri arte begira. Egu aretan eguzki ere/ makar-gabeko jeki da.”