Lerrook idazten ari naizen ordutik Guaixe irakurleen eskuetara iritsi bitarte zernahi gauza gerta daiteke Katalunian, hain baita bizia gertakizun esanguratsuen lasterra. Biharamun izerditsu eta dardaraz beterikoa da urriaren bikoa, baina batzuek elkarrizketa eta “parlem” guztien iturburutzat jo zutena, hausnarketa egun bihurtu da.
Bada, azken igandeak eman duena gutxik pentsa zezakeen aldez aurretik.
Kataluniar herritarren konpromiso, antolatze-gaitasun, ausardia eta irudimenak harriturik utzi du mundua eta uneoroko arazo eta zailtasunei irtenbidea aurkitu zieten arratsaldeko zortziak arte, dema adorez eta duintasunez atxikiz.
Espainiar botereak, ordea, inor gutxi harritu zuen, hain gutxi xarmatu, eta gurean honen ongi ezagutzen dugun egurraren jardun desafinatu eta garratza eskaini zuen goizetik. Inperioaren kofradeek kondaira beltzari beste atal bat gehitu diote beren ibilbide ezinago tristean.
Boto-kutxak ( bai, bahitu ez zituzten horiek itxi zirenean) Rajoik hitz sorta prefabrikatua bota zuen, aldarrikatuz, besteak beste, askoz gehiago izan zirela etxean gelditu zirenak bozkatzera joan zirenak baino.
Hobe luke “suflearen demokrata” horrek galdetzea zenbat bizilagun gelditu ziren etxean beldurrak eta izuak behartuta. Sutan probatzen da burdina eta espainiar botereen demokrazia maila agerian utzi zuen urriko lehen egunak.
Kataluniar ugariren auzolan paregabeak saria jaso du, “castellet”ean gora doaz eta “aleta” ( haurrak gaina osatu ondorengo unea) falta zaie.
Presaka jardun eta errepublika laster aldarrikatu ala pazientziari eutsi eta txukun bideratu azken urratsa. Hara hor koxka!