Iruñerrian, Noaindik gertu bada Otao herri ttiki-ttkia. Bertan sortu zen 1789ko Iraultza garaian Xabier Mina Larrea, nekazari aberatsen familia batean. Iruñean ikasi ondoren Zaragozan zegoelarik, Napoleonen inbasioari aurre egiteko Nafarroara itzuli zen, eta artean gazte bipila zelarik nafar “Corso Terrestre” zeritzan tropa osatu zuen. Gudu ekintza arrakastatsuak gidatu zituen, Urbasako Bentan, besteak beste. Frantses miltarrek atxilo hartu ondoren Parisera eraman zuten eta lau urte preso eman eta gero mugaz honuzkaldera egin zuen, Fernando VII.aren aginte absolutistaren kontra egite aldera. Europatik zetozen ideia liberalak bereganatu, masoien pentsamenduak onartu eta Ingalaterratik Mexikora jo zuen; han independista matxinoekin bat egin zuen.
Mina mexikarren gerrillaburu izan zen, eta bere burua “espainiar liberal eta abertzaletzat” eduki arren grina osoz aritu zen Mexikoren askatasunaren alde harik eta espainiar militarrek atxiki zuten arte. Harako hartan ez zuen izan frantsesek eman zioten bizi-patua eta 1817ko azaroaren 11an espainiar militarrek fusilatu zuten.
Egun Mexikon heroi nazionala da, eta haren izenean daude hainbat kale, etorbide nahiz unibertsitate. Gurean ezezaguna da.
Egunotan Elortzibarren omenaldi sorta bat eskaintzen ari zaizkio haren herrikideak. Mahai inguru bat, hitzaldiak, film emanaldiak antolatu ditu eskualdeko batzorde batek eta monumentu bat mustuko dute bihar sorterrian. Monumentuan Guanajuatoko buztinez egindako plakan nahualt hizkuntzan idatziriko testu bat ageri da.
Espainiar estatuko aginteei absolutismo modernoa darien aroan, Euskal Herrian eta munduan Mina ohoratzea ez da alferrikako jarduna. Martirologiorik gabe baina askapen-oroimena landuz eta zabalduz.