Handia zinez, Migel Joakin Eleizegi Altzoko gizasemea, 2,24 m. luze eta 2,42m. besotik besora zabal, naturaren bitxikeria izugarri hura. Handia, halaber, azken bi hilabeteotan zehar zinema aretoetan ikus eta gozagai izan dugun zeluloidezko sorkaria, Jon Garañok eta Aitor Arregik sinatu dutena. Dagoeneko euskaraz filmaturiko pelikulen artean zinemetara ikusle gehien ekarri duen lana da. Aupa Etxebeste, Loreak edota Amamak ,besteak beste, langa goi-goian paratua zeukaten kalitate zein ikusle datuen aldetik, eta beraz, albiste ona euskal kuturarendako mugarri berri hau.
Handiaren proposamenak giza portaera oinarrizkoen eremura garamatza: itxaropena, biziraupen nahia, beharra, beldurra, anbizioa… Sentimenduen mintzaira unibertsalean idatzia dago istorio hau, gutarkerian erortzeko tentaldiak saihestuz; munduko zernahi bazterretan, hontaz, ikusleak filmaren mamia eta xedea osoki bereganatzeko ez du zailtasun handirik izanen.
Filmean nagusi den agertoki eta inguruak (oker ez banago Satrustegiko mendilerroa ere ikusgai da une batzuetan) hemengo publikoari ematen dio gainbalio bat, eta eszena labur batzuetan euskal XIX. mendeko bizimoduaren zertzelada eder, aberats eta zehatzak eskaintzen dizkigu: apustuak, erlijioa bizitzeko modua, janzkera, gerra egiteko “gonbita”, Ameriketara emigratzeko aukera…
Edertasuna eta zorakortasuna darizkio filmari hainbat eta hainbat eszenatan; Isabel II.a agertzen denekoa edo Parisko kafetegikoa, esaterako, antologikoak dira.
Esan bezala, txukunetik eta duinetik gora ondua den ekoizpena dugu Handia, behin eta birritan ere ikusteko modukoa. Esan gabe doa argazki-zuzendari, musikagile, atrezzolari eta aktoreen jarduna ere aparta gertatzen dela. Bejondeiola Handiari.