Txori bete hego (Joxan Artze in memoriam)

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2018ko ots. 9a, 08:07

kolaboratzaileak

Urtarrilean joan zitzaigun Joxe Antonio Artze, usurbildar sortzaile handia, “Ez dok hamairu” taldearen hasmentako partaide eta kultur eragile errepikaezina dugu Artze. Anaiarekin batera Txalaparta baserritik plaza, agertoki eta grabazio-estudioetara ekarri bazuen ere, Joxan ez zen oso ageriko plazagizon suertatu. Haren olerkiak kantari ospetsuen bidez zabaldu ziren, halako modez non Txoria txori, Txori ttikia nintzelarik edo Gure bazterrak bezalako aleak euskal pop kulturaren “hit parade”an dauden ezabaezin eta masa-kulturan tinko ezarriak. Makina bat txoko eta tabernatan ikusgai den “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek…” sententzia ere Artzeri dagokio.

Europako kontrakulturaren nektarra euskal letretara eta musikara isuri zuen poeta eklektiko honek, molde ausart, sakon eta gordinetan, euskararen soinu-hotsetan arakatuz, mota guztietako dekonstruzioak aurkeztuz, forma berriak espekulaziorik gabe landuz, irudi indartsu zein iradokitzaileak osatuz betiko. Halaber, Altsasurekin duen lotura ez dugu ahaztekoa, Agustin García Aziluk Arrano beltza poema antikolonial eta existentzialistaren gainean polifonia esperimentalean zinez goimailakoa den obra ondu baitzuen.

Artzeren eboluzioa etengabea eta gaitza izan zen, hippy-en ildotik mota askotako askatasunak sendo aldarrikatzetik, sinismen katolikora itzultzeraino, zorabiozko joan-etorriko bidaian. Sobra ere, heldu garaian etxean zeuzkan bere hainbat liburu erre zituen, horra bere baitan gertatu zen eboluzioaren emaitza. Izan ere, Artze aringarri eta aitzakia gutxiko sortzailea genuen, eta ideiak eta bizipenak sentitu bezalaxe islatzen zituen, modari edo errazkeriari tokirik utzi gabe.

Baina lerroalde hau ederrez amaitzeko Isturitzetik Tolosan barru liburuko bertso batzuk ken diezazkiodan: “ixil turutak/ bare arnasak,/ begiak dirdir/ eskuak dardar/ bizitzaren semeak/ gaur osatu dirade”.