Futbolkraziaren koxka zorrotzak eta zulo beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2018ko mar. 16a, 08:04

kolaboratzaileak

lerroburuetara eta sare sozialen hizpide nagusietara. Ertzain baten heriotzak San Mames ondo-ondoan piztu ditu alarma gorriak berriz eta predikatzaile zuri askoren suzko eta itxurakeriazko berba parrastak zabaldu ditu lau haizeetara  
Ez da, baina, futbolkraziak eragin duen lehen heriotza, ezta hurrik eman ere, eta azkena ere ez da izango. Ohituraren ohiturak egiten gaitu, hainbat gertakizun albokaltetzat hartu eta hartzen ditu gizakiak, eta futbolaren inguruan egosi eta egosten den indarkeria muturrekoa onartu eta onartzen dugu.
Futbola XX. mendeaz geroztik kirola izatetik industria erraldoi, erlijio eta masa-terapia eta autolaguntza ariketa izatera pasatu da. Erlijio berria, bai, haren jainko(sa) handi eta ttipiekin, deboziobide, erromeria eta meza oparoak bihotzen altxagarri izaki. Garizuma, penitentziak eta Erramu igandeak barne. Goiko aldareetan santuak, heroiak eta martiriak nahasten dira ezinago eder eta hunkigarri, sinestunen otoitz, negar, sufrikario eta estasien aurrean.
Baina ez dezagun geure burua engaina, badira beste jainkotasun batzuk gorenagoak; berauek dirua eta espektakulua deitzen dira eta futbola hartu dute menpeko eta bidelagun. Izan ere, futbola halako ikuskizun osoen bihurtu zuten, baita diru-ekarbide erraldoia. Indarkeria muturrekoa, zer eginen diogu ba, “show”aren hornigarri bikaina gerta daiteke, eta zer eginen diogu ba, audientziaren kopurua igotzen du, beraz, diru-sarrerak gehitzen ditu, beraz, dena barkagarri. Indarkeria hori, gainera, ez da hooliganen monopolioa, hainbat jokalari, kargudun, enpresaburu eta kazetari (José Maria García “Butanito” beti gogoan) aritu dira zeregintsu, grina merkeen hauspotzaile milioitxo batzuen truke antzerki latz honetan.
Bitartean tarteka munstroa esnatzen da aztoraturik eta ero. Arazoa ez da futbola, futbolkrazia baizik.