Bor-bor egunak

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2018ko api. 27a, 08:12

kolaboratzaileak

Azken asteotan historiaren salda modu ezinago bizkorrean egosten ari delako irudipena daukat. Gertakari gehiegi denbora laburregian, alegia.

Kuban 1959-1960az geroztik castrotarrak izan dira gobernuburuak, orain Díaz-Canel deiturako agintari berria dute. Karibeko irlan zer ondorio ekar dezakeen aldaketak ikusteko dago. Ipar Korean, bestalde, entsaio nuklearrak egiteari uko egitekotan dabil Kim Jong-Un, eta bi Koreen arteko giroa goxatzen ari omen da. Gogora dezagun Koreako bi errepublikek oraindik ez dutela bake-akordiorik sinatu.

Gurera eginez ETAren azken adioa gain-gainean daukagu. Eragindako kalteaz hausnarketa egin ondoren ETAk maiatzaren hasieran Kanbon emanen dio amaiera bere izate luzeari. Egitate honek gerora ekar dezakeenaz zalantza handia sortzen da, presoen egoerari dagokionez, batez ere. Orain omen dator kontakizunaren gerra, baina nola etorri aspalditik bertan-bertan zegoena?

Eta gure-gurera eginez, Altsasuko auzia gori-gorian. Apirilaren 14an Iruñean elkartasuna ari izan zuen, goian behean, barra-barra eta erauntsian. Azken hamarkadetan Nafarroan izan den jende-elkartzerik handienetakoan duintasuna, irmotasuna eta maitasuna gailendu ziren bazter guztietan. Protesta historikoaren sentsazioak ongi barneratzeko denborarik gabe, Auzitegi Nazionalean epaiketa guztien “ama eta aita” abiatu zen.

Lerroalde hauek argitaratuko orduko epaiketa-saioak amaitzekotan egonen dira. Lehen astean ikusi eta entzundakoaren arabera, defentsaren estrategiak hainbat gezur eta sasi egia desmuntatu ditu modu agerian. Bitartean bihoa hemendik espetxeratu, auziperatu eta ahaideenganako nire elkartasunezko besarkada.