Uda hondarretan

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2018ko ira. 7a, 08:22

kolaboratzaileak

Maleta eta armairu egunak ditugu hauek. Maletak etsiturik ganbarako txoko batera desgogara itzultzen dira, agian luzaz, eta bidaiako oroitzapen-lekuko mutu bihurtzen. Armairuetan lan handiagoxe dukegu zeren gaur hozkirri, bihar berogalda, etzi ekaitz, etzidamu hotz ibil gaitezke eguraldiak hala behartuta armairuan araka eta bila, neguko jantziak non dauden ere ongi gogoan harturik.

Eguzkiaren hegada apalduz badoa ere, oraindik karrikak astintzeko gogoz daude herritarrak eta udari azken zukua kentzeko aste egoki eta bihurriak dira, Altsasuko festak edo Donostiako zinemaldia barne, San Migelak azkenburu izaki.

Jardunurtea gure zain dabilkigu, haurrak eta gazteak eskolara eta helduak euren errutinara, arruntkeria goxo, mikatz edo gazi-gozora. Batzuek abaro eta babes hartuko dute bertan eta beste beste zenbaitek, ordea, arantza eta aldapa latz.

Jakina, uztail eta abuztuko elkarren berri emateko garaia duzu, irakurle. Azken Guaixe-a abuztuaren 3an atera zen eta barnean zekarren udako agenda, Saizarbitoriaren liburu bat bezain mardula bera. Bada, hainbat ordu behar izan nituen hura guztia aletzeko eta konturatzeko Sakanan agorrilean egin daitezkeen gauzetaz. Agendako goiburuak honelaxe zioen: ERAMAN ZUREKIN UDAKO AGENDA, garbi utziaz itsasoaz gaindi ere udan non gozatua badela, eta Burunda-Aranatz-Arakil  honetan “festak bai, besterik ere bai” leloak tinko dirauela, alegia herrietako festaburuez gain erromeriak, Oktober Fest, zirko tailerra, indusketa, ibilbideak, Euskaraldiaren eguna, Artzai zein Ospa egunak eta beste hainbat zerikusi eta zeregin izan direla. Sakandar uda, beraz,  mardul eta jardunez betea. Udazkena ere ez omen dator batere mehe.

Irail eta itzulera on.