Oso urrun gelditzen da 1981ko ekainaren 21 hura. San Pedrozelaiko haritzen gerizpean egin zen lehen Nafarroa Oinez, Altsasuko eta Etxarriko ikastoletako gurasoek antolaturik. Baiki. Lehen Oinez-a udaberri-uda arteko igande batez gertatu zen. Artean mugikorrik ez zen, sare sozialak edota Guaixe bera pentsaezinak, diskotekak igande arratsetan ere zabaltzen ziren zer eta Rafaela Carraren eta Boney M-en doinuak dantzatzeko. Ronald Reagan izeneko aktore ohi bat munduko “sherif” bihurtu eta ordena zahar-berriari ekin zion munduan barrena.
Belaunaldi luze bat iragan da geroztik, “Baby boom” garaiko gazte andana aitona-amonak dira, eta aldaketak aldaketa, Euskararen garapena lantegi eta dema da oraino.
Ordundanik beste bi Oinez-ek zeharkatu dituzte Burundako bazterrak, 1993ko euritsu eta hotz hark, Cojon Prietoren kontzertu ezinago lohitsua barne, eta 2005ean Ziordia eta Olatzagutia artean eguzkipean gertatu zen eder eta oskarbiak.
Edukiz, taxuz eta azalez nabarmen eboluzionatu da festa hau edizioen joanarekin. Kanpaldi giroko bezpera gaupaseroek aio esan, eta abestiak, bideoklip historikoak, kontzertu mitiko erraldoiak nahiz Erronka bezalako ekitaldiak etorri ziren.
Euskararen mundua pitteka-pitteka osatuz joan da, kultur eskaintza eta ezagutza hazi da, apika izugarri hazi. Erabileran, ordea, herrenka gorrian da hizkuntzaren ibilia, halako moldez, arriskupeko egoerara ekartzen baitu epe ertainean.
Hontaz, oso aproposa iruditzen zait aurtengo leloa. Euskarak bizi gaitzala, Euskara bizi dezagun, bizigarri izan bedi Aturri-Ebro arteko lurretan. Aho, belarri, begi, gogoetan bizigai, guztiendako bizikizun eta bizipoza. Hots, eta ez diot deus berririk: Euskaraz bizi gaitezen.