Ur goienak eta ur barrenak dakartena

Erabiltzailearen aurpegia

kolaboratzaileak

Hala ere, aurtengo urte aldatzeak ur gutxi ekarri digu, halako xuhurkeriaz ekarri digunez. Laino eta lanbro ederrak, baiki, ukan ditugu eguerrian zehar. Gure baitako bazter miresgarriak haur baten harriduraz begiratzeko laino trinkoak. Argi zoragarriko egunak, bestalde, ez ditugu eskas izan, Beriaingo haitz eta magal gorrietan islatzen ziren argi xume nahiz indartsuak, irudi hunkigarriak basaki marrazten zirela egunsenti dotore, eguerdi ahaltsu nahiz arrats motxetan.

Argia ia itsugarria Vienako Muzikverein areto dezimononikotik. Pop musikaren jatorria den Urteberriko kontzertuak harro eta handikiro erakutsi zion hainbatgarrenez munduari Europa ustez dekadentearen distira eta oparotasuna, ukenduz eta piper goxoz, aratz eta txukun.

Argiz beteak, halaber, gure mendietako gailurrak urteko lehen goizeko txangoetan. Artxueta, Bargagain, Gorbeia, Adarra, Larrun edo Pagasarrin gozatu ederra hartu zuten mendizaleek, gosari oparoak eta umorea lagun.
Elur arrastorik ez, ordea, teilatuetan edota gertuko mendietan. Ihintza, bai, franko, auto eta zelai gainetan, Dantza filmeko zomorroak akabatzaile.
Euri eta ur gutxiko urtatsa, beraz, garai likidoetan bizi garen arren. Gaur goizean mugiezin eta betiko zirudiena bazkalondoan beste muturrera alda liteke lasai asko. Azken beltzean, Joxan Artzerenak hizpidera ekarriz “Urak dakarrena urak daroa”  eta gizakia funtsean urezkoa izaki, bidean edo bide bazterrean gu, geu, geroni gelditzen gara lurrundurik, edo apika gure hondarra. 2019 uros eta zoriontsua!