Ahaide batek gaztigatua gertakizunaren berri izan nuen. Hi, halako egunean, halako orduan Maialen Lujanbiok Radio 3-en bertso saioa eskainiko dik. Begiak arranpalo eta belarriak txurrutel jaso nuen berria: “latza duk hori” neure baitan.
“El séptimo vicio” deritzan programan aritu zen bertsolari hernaniarra. Javier Tolentino esatariak gidatzen du saioa eta zinemagintza du xede. Asier Altunaren Bertsolari filma kari, M. Lujanbio gonbidatu zuten bertso batzuk bat-batean bota eta autoitzuli zitzan. Tolentinoren harrera Maialeni: “ Ongi etorri Euskadi maite duen hiribildu honetara, badakizu bai, Maialen, Madrilek bihotz duela Euskal Herrian?” Maialenek: “A, bai? Ez nekien.” Tolentinok: “ Euskaldunoi kostatu egiten zaizue, sexuarekin bezala da”.
Maialenek: “Tira, maitasun-erakustaldi asko ere ez du beti egiten”.Tolentinok: “ Bai, Madrilek bai. Ez gara politikaz ari…”.
Sarreratxo honen ondotik mikro bertso-saioa etorri zen. Tolentino gaijartzaile jardun zen, lehen gaia: “Espainia”. Maialenek: “Errezeloa piztutzen zaigu/ Espainia hitzaren truke/ zenbat borroka ta tirabira/ jo ta ke zenbat jardute/ behetik gora zuei begira/ daramagu hainbat urte/ parez pare laguna balitz/ gehiago maiteko nuke”.
Aurreko gaia bezain bitxia suertatu zen proposatutako azkena: “ Sexurik gabeko maitasuna”. Maialenek: Nahikoa badaukagu/ ja topikoekin/ gai euskalduna omen/ ta galdetzen ekin/ labur erantzungo dut/ nahi baduzu jakin/ zortzi abizenenari/ kasurik ez egin”.
Topikoak topiko eta itzulpenak itzulpen, ez dakit Radio 3-en espainiar entzule kulturetak mikrosaio honen ondotik euskal bertsogintzaren tankerarik hartu ote zuen pixka batean ere. Nolanahi ere saio osoa entzungai dago, ea zer deritzozuen :
Saioa hemen.