Fakirraren ahotsa

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2019ko mai. 3a, 08:21

2018ko Durangoko Azokaren ondoriozko etxerako lan horietako bat nuen Harkaitz  Canoren azkena erosi eta irakurtzea. Canoren lan orok badute kalitatearen eta bikaintasunaren bermea, eta ez dira beti irakurtzeko erraz-errazak, baina euren zaporeek gure baitan irauten dute freskarri eta sakon.
Idazle honen ibilbidea luze-luzea da. Kea behelainopean bezala poemategi urrun hartatik, zeinetik Flores ahizpek Finean loreak kanta ederra ondu zuten, sorkari ugari utzi dizkigu, narraziogintzan batik-bat.
Aurreko eleberri kolosalean, Twist izenekoan, Lasa eta Zabalaren auziari heldu zion, bipil, gordin eta aringarririk gabe, liburu sendo eta mamitsua osatu zuelarik.
Oraingoan ere memoriaren lanbideari lotu zaio, bipil eta gordin, berriz ere,  Imanol Larzabal abeslariaren bizitzako hainbat atal fikziogai bilakatuz.
Imanol abeslari hutsa baino askoz gehiago izan zen, ETAko militante izatetik, Baltasar Garzónen laguna izan eta euskal abertzaletasun oro salatzerainoko bidea egin zuen. Kantari sentibera eta ahots ederrekoa izaki garapen izugarria eduki zuen bere emari artistikoan eta euskal kantagintzaren zutabe indartsu horietako bat izan zen.
Militantzian harekin hasi ziren horietako batzuek gogorki eta anker baztertu eta iraindu zuten Yoyesen omenaldiaz geroztik, eta herritar batzuen jokabide honetan Imanolek euskal gizarte osoaren arbuioa sentitu zuen. Deserri “antiglamouroso”ra jo eta Torreviejan hil zen.
Material trinko honexekin Canok abenturari ekin eta ertz askotako eleberria osatu du, tarteka konplexu samarra, baina zinez ederra. “Kontakizun” delakoaren puzzlean pieza esanguratsua  harilkatu du Canok, “Patria” bezainbeste zabalduko ez dena, baina haren xumean eta erraldoitasunean ezinbestekoa.