Lanbide honetan egiaren eta gezurraren izaera irristakorra dator ene gogora.
Bada, azken urte hauetan sarri askotan entzun dugu bi kontzeptu berri: ”fake” eta “postegia” deritzanak, euskaraz lasai asko gezurrondo eta egiaondo izenda ditzakegunak.
Eta badirudi egitate horiek oso modernoak eta oraintsukoak direla edo Donald Trumpek asmatuak, baina nago gizakiaren historia bezain zaharrak direla.
Hartu literaturaren antzinako klasikoak eta obra fundazional handiak eta egiaondoz eta gezurrondoz osaturik kausituko ditugu, Odisea, Biblia, Chanson de Roland, ziklo arturikoak edo Erdi Aroko kronika gehienak. Santuen bizitzak eta gerra handien hainbat kontakizun. Kondaira eta egintzen haria, zenbakiak, urteak eta iritziak liburu ustez zintzo eta jakingarrietan, dena nahasmendu goxo, dena hitz ederren biribilketa alaitsuan.
Egiaren bilaketa eta haren transmisioa ez da suertatu jardun erraza mendeetan barrena eta eremu espiritualera zokoratua izan da, eta bitxia bada ere, etikaren goialdean paratu arren gizarteak egia mespretxatzen du. Hala Alexandro Handiaren garaian, Richelieurenean edo egun. Eta ongi dakigu, gezurrak hankak labur baina ondorioak latz.
Honexegatik guztiarengatik meritu izugarria ikusten diot ZASKA sarea gauzatzen ari den ahaleginari, alegia, sare sozialetan hain zabar hedatzen diren zurrumurru eta estereotipoei aurre egitea, jardun praktikoen bidez.
Izan ere, egia osoa agian ez dugu inoiz aurkituko, baina saia gaitezen gezur eta gezurrondoak identifikatzen eta salatzen. Hurrengo belaunaldiei zor diegu.