Castillo Suarezen olerkiek liburutto bat eragiten duten aldiro, sarau zaindu eta apaina heldu da Altsasura edo aldirietara, halako moldez non poeta altsasuarraren liburuen plazaratzeaz "zenbat aurkezpen hainbat miresmen" esaera osa genezakeen.
Hala suertatu zen ekainaren bian, hauteskunde ondoz, Lautadako Galarretan, Kukuma-eneko kortan.
Beak eta Jonek amultsu eta maitekiro hartu zituzten bisitariak, eta Urdiaingo pastak eta Irunberriko ardo aparduna lagun, olerki-festa xoil eta xumea igaro zen arrats bare-epelean; haren abaroan hainbat “logia”tako kidek gozatu ederra hartu zuten elkarraldi feng-shui eta minimalista samarrean, non poema batzuen aletzeak Aizkorriko magalak zipristindu zituen, Atxagaren arretapean.
Castillo, aspaldi samarretik ibilbide literario taxuzko, eder eta sendoa eraikitzen ari da: olerki-bildumak, haurrendako ipuinak, zutabegintza Berrian, Argian… bere Iparraldeko neska deritzan bloga guztiz gomendagarria ahantzi gabe. Eta batek daki, agian Enrike Zelaiak bezala amai dezake, mugarik gabe eta nonahi ekintzaile. Oraingoz, behinik behin, opari zoragarria egin digu Irautera azken lanarekin, iratze hostoak azalean eta bizitza, maitasuna eta bakardadea hitzen muinean.
Aurreko olerki sorkarietan bezala “zu” misteriotsu eta omnipresente batek (nik 180 aldiz opatu dut "zu” aditz nahiz izenordainetan) poemen tolesdurak ozen josten ditu. Paradoxak eta kontraesanak ez dira eskas: “ joan nintzen geratu nahi nuelako”, edota esanahi sakoneko aleak: “maite dutenek bakarrik dakite maitasunik gabe bizitzen” nahiz irudi ezinago indartsuak: “aizkorada bakoitzean nire gainean egongo zarela”.
Behinola Xabier Mendiguren editoreak esan zuen Suarezen poemak magnetikoak eta hermetikoak direla, eta hala diraute, baina hegada altxatzen beti ere. Izate hutsetik irautera. Magnetikotik kanonikora.