Irail hasierarekin bat, Ziordiko eta Altsasuko festekin batera dator udara nekatuaren azken ibilia.Geure armairuetan arakatze eta biltegiratze lanetan ematen ditugu tarte xumeak, joandako udararen omenez eta laster irriz heldu den udazken lanpetuari ongi etorri epela eskainiko diogu jantzi-hautaketan, udatiar oroitzapenak nonbait gordez.
Iraileko eguzkia urruntzen eta bere bidean apaltzen doa, arratsak distira eta ñabarra hartzen doazen heinean. Sarri datoz basoetako mota guztietako gorrailak eta urrekarak, Lizarrustiko gerri buelta guztiak hosto eta orbelez edertzen, Urbasa-Andiako bazterrak pinpirintzen, Aralarko magalak zorakartzen. Gogo ibiltariak atseden eta poz bare bat hartzen du uda azkentzen doan sasoi honetan.
Eguzkia apaltzen eta indarra ttipitzen. Ez da hala fortunatu, ordea, Lapurdiko kostaldean. Euskal Herriak bere xumean eta koxkorrean, badu toki bat, handitasun batean, Frantziako Errepublikan, hain zuzen, eta grandeur horren partea da.
Haiek hala, aurtengoan Miarritzen hartu dute ostatu eta plazerra zazpi handien handiek. G7 delakoak, Gerra Hotzaren kume kankailu eta harro horrek. Handi, handiki, hantuste, handitu edo handi-mandien zazpikotea Miarritzeraino surfeatu da. Hala, Hotel de Palais eta Kasinoan ukan ditugu handiok munduko handienenak eta besteenak konpontzen eta apaintzen. Irun-Ficoba-Hendaian, alta, bestelako mundu bat itxuratzen jardun ziren lurraren eta auzoaren aldeko bolondresak, ahalegina, irudimena, gogoeta, elkarlana eta engaiamendua tresnatzat, horra mundua aldatzeko bide orria.
Handikien atrezzo gisa, Ezpeletako piperrak, Arnaga, espartinak, Pierre Oteizaren urdaiazpikoak eta Oldarra abesbatzaren ahaireak. Agian mademoiselle Macron Baionako Kantuz-en ikusiko dugu hurrena.
Itzuli on!