Iaz hasi eta etengabe ekin dio Greta Thunbergek Lurraren iraungitze data atzeratzeari. Jenio txarreko eta motots luze bakarreko Pippi Langstrump dirudi, baina fikziotik ez du batere suediar neskatxak eta bazter batzuk harrotu ditu dagoeneko.
Lurraren azala eta burugainekoa aztoratzen ari zirela gaztigatzen zigun hainbatek duela hamarkada batzuk, baina txerokee aztoratutzat edo hippy inozotzat hartu zituzten. Gero Petra Kelly eta Alemaniako Berdeak iritsi ziren, orain berrogei urte inguru. Txernobil eta Fukushima tarteko mugimendu ekologistak sendotu eta zabaldu ziren, eta unean uneko lorpen ttiki eta esanguratsuak lortu zituzten, baina munduaren aginteak muzin egiten zion, eta dena zen teknologiaren goraipamena, dena garapen zoragarri eta neurrigabekoa.
Horiek horrela, eta aurrerapen guztiz santuaren izenean, jarraituki genuen biribilketa mozkorgarri eta alaitsuan.
Eta halako batean Gretaren berri izan zuen munduak. Greta, ordea, ez da aktore, kantari edo show nerabearen beste sorkuntza bat. Pop star bihurtu dute, bai, inondik ere eta ikuskizunaren mundura jauzi egin du, braust. Eta ez dugu zientzialari, aditu, intelektual, eleberri beltzen idazle edo politikari.
Kontua da sare sozialak konkistatu dituela bere histrionismoarekin eta "beti haserre" keinu harekin. Bere burua sobera maite duela ematen du, beste batzuekin lankidetzan jardutea izugarri kostatzen zaiola dirudi, eta horregatik zalantzak sortzen dira haren egintzaren inguruan.
Eta hala eta guztiz ere, mundu osoko gazte parrasta bat astintzea lortu du, modak moda eta moduak modu ostiral tarte batzuk Lurraren zainketarako dira. Ea ba...