Ilbeltzaren 7tik, eta zenbakiz ozta-ozta Espainiako erresuman esperientzia guztiz berri bati ekin dio Madrilgo Gorteek bozkatu duten Pedro Sanchez presidenteak. Trantsizio garaiaz geroztik UCD-PP eta PSOE txandakatu dira ziklo labur nahiz luzeetan eta alderdiz kanpoko laguntzarekin garatu dituzte legegintzaldi guztiak, aritmetika parlamentarioaz baliaturik.
Oraingoan zerbait berria aditzen da, usaimen, entzumen nahiz ikusmenean. Tira, ez dakigu zinez hitzarmen honetatik taxubide funtsezkoenak eta norantza benetan aldatuko diren, Europak baimentzen duen heinean, behinik behin.
Asmoak asmo eta norantzak norantza, Espainia eternaleko eragile batzuk ozenki eta zakar astindu dituzte barrenak, uzki, heste, errai, birika eta zainak. 34 eta 36koarekiko antzak eta egintzak ekarri dituzte gogora eta apokalipsi guztiei dei egin diete, ezkertiarren gobernuari iraungitze-data albait hurbilena izan dadin.
Izan ere, PSOEk azken 38 urteotako ibiliari muzin eginez, lehenengo aldiz ezkerrera egin du ziaboga estatuaren gobernua hezurmamitzeko orduan. Autonomia elkargoetan eta udaletxeetan balio zuena ez zen ontzat hartzen Moncloarenean aplikatzeko.
Eta erronka ez da makala, makala ez denez inola ere; hara, Kataluniako afera, laizismoaren lanketa, lan-erreformari eta mozal legeari buelta ematea, indarkeria matxistaren erroei gogor egitea, hezkuntzaren inguruan adosturiko lege bat azkeneraino eramatea, ETAren ondorenekoa kudeatzea, datorkeen makalaldi ekonomikoari aurre egitea, pentsioen bideragarritasuna edota nazio-aniztun estatua itxuratzea…
Denbora poligrafo bakarra da, Lekunberriko poetak zapla bota zigun, eta berriro ere geroak esanen. Bada, lerro hauetatik neure iragarpena botako dut: baietz hiru urte egin gobernu honek!