Nork guri esango, Guaixeren azken zenbakiko ostiralean, konparazio batera, Covid-19koarenak oraintsu bizitzen ari garena ekarriko zuenik.
Ikastetxeak, tabernak, jatetxeak, erakundeak eta lantokiak, hainbeste negozio eta elkargune itxi bai, tira, baina etxeratzeko agindua etorriko zela, eta pandemiaren muntak halako indarra iritsiko zuenik?
Oso egun gutxitan ustezko alarmismoari barre eta txantxa egitetik alarma egoera txintik atera gabe onartzera, larunbat igandera bitarteko epean, egoera guztiz berri honetara nola moldatu eta ohitu nekez gabiltzalarik (lerrook martxoaren 17an idazten ari naiz).
Oraingoz bi aste, baina aise luza daitekeen etxealdia pisu, astun eta latza suertatuko zaigu. Izan ere, kinka honi nola egin behar diogun aurre jakiteko ez dago tutorialik, mindfullnes edo coaching-ik, eta aldartea kulunkan, inprobisaziotik eta borondate onetik ekingo diogu izurriteari.
Ez du gizateriak lehen aldia pandemia kontuekin, baina iruditzen zitzaigun honelakoak antigoaleko aferak zirela eta azken belaunaldiko txertoek eta aurrerapen teknologikoek aise kontrolatuko zituztela izurrite berriak.
Baina horratx, karrika espektralak, soro eta baratzak umezurtz, herriak eta hiriak isiltasun astun eta sorgarri batek hartuak; eta etxeetan bizilagunak ia giltzapean, Aupa Etxebeste hiperrealista eta umore gutxiko batean, gogoa zurrunduta, arnas geldian kika eta azken berri kezkagarriei adi, telelanean edo ez, orduak eta egunak kudeatzen ikasten eta desikasten ezinegon alderrai batean.
Birusaren hedapena geldituko da, auskalo noiz, karrikak hartuko ditugu berriz, eta agian bizitza beste begi batzuekin ikusiko dugu. Eta desio inozo eta xume bat: latzaldi honek humanoago bihurtuko gaitu?
Ahalbait etxealdi arinen eduki dezagun!