Inork ez zuen nahi eta inork ere ez zuen espero. Bost aste geroago, etxean tinko, barruko jardunetan temati: ariketa fisiko muturreko (edo ez), meditazio, telefono nahiz bideosolas amaitezin, zoko-mokoen garbi-ikuzi txukun, mahai jolas, telelan, opilgintza intentsibo edo jaki iraungien lehiaketa, telesail "vintage" edo egin berrien ikusketa, amaraun ezkutuen bila... zernahigintza sortzen eta asmatzen ibili gara eta bagabiltza, "deseskalatzearen" zain.
Hala dabil gizakia alderik alde planetan, ipar eta hego, azken bi hilabeteotan, birus malapartatua astindu nahian, eta etorkizun hurbila eta ertaina irudikatu nahian, baina gerokinak ihes egiten digu oraindik, harroputz eta burlati; "a posteriori" kapitain guztiek ere itsasontzia utzi ihes eroan eta portu seguruetan aterbea bilatu dutelarik.
Lur planeta suertatu zaigu, 2020an, eta izurriak ahaztu arren edo literaturaren apaindegira bidaliagatik, pandemiak izan dira eta izanen dira. 1918an beste izurrite erraldoi bat Kansasen abiatu, munduan bira egin eta milioika hildako eragin zuen; nik eta nire garaiko gehienek, ordea, aiton-amonei ez genien hitzik aditu aldi hartakoaz, hain zegoen ahaztua, eta historiako testu liburuetan toki handirik ere ez zuen hartu.
Bitartean, gizakiak ezustean galdera marduletako bati erantzuna aurkitu dio, izan ere galdera munduan lekua bilatu eta aurkitzea bada, horra, aste hauetan, bederen, norberak lekua bere etxea du, ez dakit Arestiren aitaren edo Elizanbururena bezalakoa den, baina etxea, zimendua, leihoa eta lau horma finean.
Noiz aterako garen, nola... Agian hartza neguko lozorrotik antzera. Batek daki.
Bihoakie hemendik nire esker ona eta aitortza osasun langileei eta zaharretxeetako langileei.
Eutsi goiari eta kuraia.