Izan zitekeen Akis Taurismakis-en film baten sekuentzia apokaliptiko bat, izan zitekeen Mornauren Nosferatu filmaren hasiera bikain bat zuri-beltzean, edo Metallicaren kontzertu baten unerik gorena, baina ez.
San Pedrozelain gertatu zen, maiatzaren 10ean, bat fasearen bezperan, domeka ekaiztsu batean, baselizako altsasuarren atearen parez-pare, eta bi grabaketak betikotu zuten gertakaria. Batean haritz enborrari, tximinia bihurturik, su gorri bare egonkorra zerion, bestean erauzte eta lurreratzearen une tragiko eta magikoa ageri zen, Ñaka edo Yaka txakurra deitua zela memento historikoa bizitzeko. Nik neronek aitor dut samina gora-behera, irudi zinez hunkigarri eta eder-ederrak zirela, plastizitate handikoak.
Jainkoaren aingerua ere Moisesi agertu omen zitzaion erretzen ez zen sasi baten "panavision"ean, sasi hiztun eta agintari bat, zeinaren aurrean askatzaile hebraikoak esaneko eta zintzo entzun zuen bere egitekoaren agenda. Haritz honen erretzea, ordea, ixila suertatu zen, txondor gor, etengabe eta enborpeko. Nonbait tximista lur azpira sartu eta patxadaz haritza egosteari ekin zion barren-barrenetik, zain eta erro, inortxo ere konturatu gabe. Eta egun batzuez erraiak eta gordeak ongi egosi eta kixkali ondoren, lur gainera igaro, zirtaka xuxurlaria eragin eta su eta gar lotu zen enborrari, arbolaren zatirik handiena etzanarazi arte.
Esanguratsua da oso, bestalde, haritz hau, txistularien gerizpea baita erromeriako arratsaldean, eta plaza markatzen duen ale horietako bat delako.
Nolanahi ere den oraino ez da hila eta ikuskizun dago zer gertatuko den harekin, ipurdia eta gerria zut, badu adar bat bizirik. Itxura guztien arabera bere azkenak bizitzen ari da, baina Foru plazako intxaurrondoarekin bezalaxe beste bizialdi bat emateko modua izango dela uste dut. Altsasun sortzaileak ez dira falta, izango da, beraz, zer sortu, harizkari honekin.