Maiatzaren 8ko Guaixek zekarren azala esanguratsua eta nabarmena zen guztiz: "Pausoak egin", argazkian herritar batzuk Altsasuko S. Pedroko bidean gora ibilian.
Ari gara ari garenez, arinaldiko urratsak egiten, halako "lehengoa ez den normaltalsun" baterantz eta gogoa bizi, hankak gartsu, burua hotz eta beldurrak airean ez da erraza antzematen zer aldarterekin ekiten diogun aro berri honi.
Kontuak kontu hirugarren fasean gaude, eta ziurgabetasuna eta zalantza nagusi, argi izpi printzak nabarmenak dira agerian, baina bergisan galdera franko ditugu gure pausoak nola bideratu pentsatzeko orduan.
Nafarroa (Garaian) barrena mugi gaitezke, eta Guaixe hau argitaratzerako agian Hegoaldean barrena ibili ahal izanen gara. Halaber taberna-barru nahiz terrazak dagoeneko goxatzen ari gara eta jatetxe batzuetan otorduez disfrutatzen ahal gara.
Baina birusak hortxe darrai, estalian eta kukuturik. Zientzilariak eta adituak ere oraino ez dira ados jartzen, batzuek udan nekez eta gutxi hedatuko dela, beste batzuk horretaz ere zalantzati eta ez dute baztertzen birusa udatiar bihurtzea.
Udako planei begira inguruko eragileek 0km-ko planteamentua agertzen dute, eta ez, ez da plan txarra ondo-ondoko "gure bazterrak, lanbroak" berriz deskubritzea, 200 km-ko inguruan.
Alabaina, egin dugun nekabidea ezaguturik, ezinbestekoa izango dugu kontuz, kasu eta tentuz ibiltzea, hiru hilabete luzeotan erdietsi duguna aste gutxitan firikan ez botatze aldera.
Asko dugu jokoan eta zama hau guztia ezin dugu zientzilari, osasun agintari edo politikarien esku utzi.
Herritar bakoitzak badu auzolan erraldoi honetan ardura eta puska esanguratsu bat eta dagoeneko ongi dakigu zein den norberaren egitekoa. Izan ere Xalbadorrena parafraseatuz birusak ere azken puntua bota du:
"Anitz gorroto nauzue baina/ maite zaiztuztet oraindik".