George Floyden itogarrizko (eta ikaragarrizko) heriotza tarteko, eskubide zibilen aldeko beste uhin indartsu bat piztu da AEBetan. Amorrua, sumina eta haserre bizia Minnesotatik N.Yorkera, Alabamatik Floridaraino.
Estatu Batuetan arrazismoaren garrek oso bizirik diraute, eta historiaren zama astun eta zital batez mintzo dira, baita
XXI.mendean ere. Supremazismo, esklabotza, menperakuntza kolonial edo militarra... nahi den deitura emanen diogu, eta erro sakonak izanagatik, oraingo egoerak asko zor dio iragan hurbilari (azken 200-500 urteak, eman dezagun).
Arrazoi desarrazoi bilatze honetan historia modernoari begira jarri, eta botere ofizialek santututako pertsonaia dexenteri orban itsusiak atera dizkiete eta lotsagarritzat erakutsi.
Horiek horrela, munduko hainbat bazterretan (ez bakarrik AEBetan) samalda hiratuek hainbat "santu ofizial" bota dituzte haien ohorezko aldareetatik, arrazismoaren aitzakian.
Niri neroni oso harrigarria iruditzen zait, AEBetako gazte zuriek Kristobal Kolonen giza irudiak botatzen aritu izana, Ingalaterran Churchill susmopean jarri izana, edo non eta Belgikan Leopoldo erregeak Kongon eragindako basakeriak orain hinki-hankarik gabe salatzea.
Historia eternalaren zale dohatsuak, aldiz, amorru errean paratu ditu errerbisionismo eta aktibismo honek ("Tira, gertaera kolonial haiek hala gertatu ziren, eta zer eginen diogu, ba"), eta oraintsu eraisten ari direnen izen ona eta ohorea, beti ere haien kontestu historikoan kokatuz, defendatzen ari dira.
Kontuak kontu, ez dakit nolako bira hartuko duen joera honek, pasako moda hutsa izanen den edo giza historiaren lanketa berri eta sakon bat egiteko balioko duen.
Eta gurean, zer egiten dugu Urdaneta, Elkano, Urtsua, Agirre, Iradier eta enparauekin? Bitartean, Zumarragako Euskadi plazan, Miguel Lopez de Legazpiren irudiak uneoro etxekoak zein bisitariak agurtzen ditu, itoan den indigena baten bularra harro zapaltzen duela.