Zazpi hilabete igaro dira COVID-19 gure bizitzetara etorri zenetik. Atea jo gabe, basati sartu eta gure egunerokoa goitik behera baldintzatu du geroztik.
Egun Nafarroa goi-goian dago Europako eskualdeetan positiboei dagokienez eta osasun agintariak berriz hasi dira larritzen, neurri zorrotzagoak eskatzen eta jendarteari arazoaren tamainaz gaztigatzen. Udako kutsatze goraldia hainbat faktorek eragin dute, seguruenera, eta horietako bat giza elkarraldiena izan da, familia ospakizunak, sasi festak, lagunen arteko otorduak edota kale zurrutak.
Adinean gora goazenok jakitun gara zer diren festak gazte garaian, nolako bizigarri eta pozaldia ekartzen duten eta nolako esperientzia errepikaezinak eskaintzen dizkiguten.
Bada, helduontzat ere ez da erraza izaten ari ebento basamortu hau zeharkatzea; egin ez diren eta egingo ez direnen elkarraldien zerrenda mardultzen ari da, eta Gabonetako zikloarenak ere oso kolokan daude.
Altsasun izan ziren lehengo asteburuan sasifestak, eta bertatik bertara ikusi genituenak ez ziren batere lasaigarriak izan. Ez naiz ari telebistetan eman zituzten ordu txikietako istiluez (horiek bestelako hausnarketa merezi dute). Iluntze eta gau aldean hainbat herritar (gazte eta ez hain gazte) segurtasun tarterik gorde gabe, musukorik gabe zebiltzan dantzan, kantan edo zurrutean umore onean, bizi dugun garaiari izkin eginez. Berriz diot, zeinen triste eta lehorra den festarik gabeko bizitza, egun berezi eta kuttun horiek laino axolabaiko bat bezala pasatzen ikustea...
Baina, hala egokitu zaigu, egokitu zaigunez eta geure puska ekarri behar dugu denok egoera hau ahalik eta laburren pasa dadin. Diruz gauzatzen ez den elkartasunean aritu behar dugu, belaunaldien arteko elkartasuna jorratu behar dugu, gaitzak nor kolpatzen duen gehien kontuan hartuz. Ea zer gertatzen den ferietan!!!