Urretxuko bardoaren jaiotzaren 200. urteurrena dela-ta, Iparragirrek, Covid-ak bezalaxe piztualdi nabarmena eduki du azkenaldion gure artean.
Eta ez da kontu txarra halako bohemio, kantari eta kantagile handi horren bizitza eta egintza berriz ere gogoratzea. Izan ere, XIX. mendeko Europa erromantikoa oso egokia suertatu zen munduan barrena etxe finkorik gabe ibili nahi izan zuten artista hippyendako, eta gure gitarradun bardo hau giro horretako ispilu bikaina da.
Bere gisara globalizazio prozesu bitxi bat bizi izan zuen: Urretxu, Zerain, Gasteiz, Madril, gerrak, Paris, Londres, Suitza, etxera buelta, deserria Kantabrian nahiz Asturiasen, Argentina, Montebideo... guduz gudu, amodioz amodio eta deserriz deserri etxe ondo-ondoan zendu arte.
Gernikako arbola izan zen haren sorkaririk hedatuena, baita arazo anitz ekarri ziona, halako grina eta suhartasun itzela pizten baitzuen euskal herritarren artean. Kanta honek leku polita egin du euskal imajinarioan eta horiek horrela ehundaka abeslarik, Evaristok edo Serafin Zubirik barne, manifestu baten bidez eskatu dute kanta hau izan dadila Euskal Herriko ereserkia.
Oker ez banago 1853koa da abestia, eta garai hartan Euskal Herri arras katolikoan "adoratzen zaitugu Arbola santua" idazteak eta ozenki kantatzeak paganismo kutsu berrizale bat zekarren, beste lerro batzuetan "Jaungoiku jauna" aipatzen bada ere.
Debatea, beraz, hortxe dago. Nik neronek bat egiten dut asmoarekin, baldin eta himnoa lehen ahapaldiaz osatzen bada. Mementoz gure herriak ez du ereserkirik, tira Hegoaldeko bi erkidegoek bana dute, eta ez dira makalak, baina zazpi lurraldeendako ez dago (nolanahi ere, agian de facto Txoria txori da).
Ea proposamenak bidea egiten duen, eta bidenabarrean esan dezadan, Iparragirreren bizitzak sei kapituluko telesail on baterako gaia ematen duela. ETB zeren zain dago? Ala utziko dio Netflix-i aurrea hartzen?