Altsasu telesaila, iazko abenduan pantailaratu zena diskrezio handi samarrean igaro zen hedabide nahiz sare sozialetan; iruzkin gutxi, zeresan sortatxo bat... eta Kataluniara. Ilunak ilun eta zurbilak zurbil, niri neroni gustatu zitzaidan sorkaria; aitor dezadan lantegi zail eta mardula zeukala telesailak Koxkako anabasaren aurre, bitarte, eta ondorena azaltzen, eta hainbeste ertz zorrotz-mingarri dituen historia bat kontatzen.
ETB-1ek garaitsu hartan Hondar ahoak eta Alardea telesailak ere prime time-ra ekarri zituen, arrakasta koxkorraz ekarri ere. Aipatu hiru lanokin Basque noir tankera garatu du ETBk eta euskarazko fikzioak toki duin bat eskuratu du berriz.
Bada, Altsasu telesailak eta berarekin bat EITBk jaso zuten errieta parlamentario bat Gasteizen PP-C's-eko eledunaren partetik polarizatzailea delakoan, egia judiziala errespetatzen ez duelakoan eta gertuko historiaren kontakizuna desitxuratzen duelakoan.
Bada, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak etxearen izen ona eta aurreko zuzendariaren lana defendatu beharrean, amen egin, belaunikatu, otzandu eta aurrerantzean "Euskadiko gizartea polarizatzen duen telesailik" ez dutela emango erantzun zuen.
Nork, ordea, erabakitzen du zein programa den "polarizatzailea" eta zein ez? Superadituen batzorde bat eratuko dute Sabin Etxearen oniritziarekin eta Genovako (barka, PPenea berriko) bedeinkapenarekin? Segoviako ihesa edo Operación Ogro ikustea izanen dugu ETBn? Non dago Mikel? edo Akelarre bezalako filmak ikusteko aukera izanen dugu, egia judizialaz beste egin arren eta kontakizun ofiziala itsusitu arren?
Sumingarria, psikotronikoa eta retroinperiala da inkisizio postmodernoak azken hitza edukitzea gizarte polarizazioaren neurria erabakitzerakoan...
Konstituzionalismo erregezaleak esana, aintza zuri Espainia eternala.