Astekoa

Dardara

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2021ko mai. 17a, 08:48

Gaztigatu zidaten: ikusi behar duk dokumentala, merezi dik eta! Eta laugarren birusaldiaren bihotzean Dardara ikusiz bete nuen gomendioa.
Baiki, Marina Lameirok lan aparta osatu du Berri Txarrak taldearen azken bira islatu eta iradokitzen duelarik. Izan ere, ez zen lantegi makala aurrean zeukana, BTX talde ikonikoaren ikuspegi orohartzaile eta aldi berean minimal eta zirraraz eta dardaraz betea gauzatzea film-dokumental baten bidez.
Euskal rock&rollaren adierazpide nagusietako bat bihurtu da BTX eta leku goren bat lortu du Lekunberriko taldeak top askotan, baita nazioartean ere, leku esanguratsu bat erdiesteraino mainstream delakoan, euskal rockari beste koxka bat igoaraziz. 
Dokumentalean zaleen hunkidurak nabarmentzen dira, Alemania, Mexiko, Japonia nahiz EHko zenbait zalerengan BTXen hunkimenak eta indarrak nolako eragina duen azaltzen da modu ñabartu eta sotilean. 
Masa kulturaren legepean jendetza handi eta giza samalden ikusgarritasuna saritzen da, Youtube-n, Spotify-n milioika klik izatea gailurra da, eta berauetan ere BTX asetu da, asetu denez, baina nago beste inpaktu sakonagorik eragin duela. Testosterona neurtuko emanaldiak, luzaz irauten duten sentimen astinaldiak, arnas luzeko esaldiak, eszenaratze landuak... 
Eta guztiaren gorpuztaile, factotum eta txamana. Gorka Urbizuren lotsazko nabarmentze diskretu eta handiosa, taldeari zain oparo eta adar hostotza emankorra ekartzen dizkiona, aztiaren magiaz, jakintzaz eta xarmaz ikuskizuna janzten duena. 
Halaber ekar dezagun lerrootara Artzai Iraurgiren agertze xumea, BTX crew-ren partaide gisa, haien lana ere ezinbestekoa da zuzenekoetan, hainbeste ikusleren gogoa asebete dutenak kontzertuetan.
Jaio, musika, hil... Berpiztu. Bejondeiela. Berriz ikusi arte.