Astekoa

Hexagonotik amorruz

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2021ko eka. 30a, 11:14

Hizkuntza gutxituen garapenaren aldeko Molac legeak oso fite ukan du arrapostu hiratua Frantziako Konstituzio Kontseiluan, eta Asanblada Nazionalean "galdu" zutena toga jakobinoen artean aisa irabazi dute murgiltze ereduaren aldeko xedapenak bertan behera utzirik.

Bretoinera, Katalan, Alsaziera, Euskara edo Okzitanieraren alde azken hogeita hamar, berrogei urte honetan eginiko ahalegin sakon, irudimentsu eta zabalak ezinezkoa zirudien legezko aldaketa bat ahalbidetu du, eta bitxia bada ere Front National-ean izan ezik gainerako alderdi guztietan (baita komunisten artean ere!) aldeko disidenteak ukan ditu ekimenak. Hortaz, ez da soilik nazioetako abertzaleen bultzadaz etorri, konplizitate abegikor baten saio luze eta tenkor baten ondorioz.

Baina, o là là, herensuge frantximanta itzarri zen eta "chauvinisme" ariketa merke eta narras batez, afera lehengora ekarri du, murgiltze irakaskuntza jite alegalera, ilegalera ez bada, itzuli du eta orain porru patata hau Macronen jaunarendako da. 

Republique-ko presidentea, nabarmendu da, besteak beste, inperialismoaren aurreko jarrera kritikoarengatik, inperialismoa gizateriaren historiako gaitzik handienetakoa dela esateraino.

Bergisan, bazirudien bertako hizkuntza eta kulturen alderako jarrera zabalxeagoa zeukala, eta horra, behaztopa harritzarra! Zaplasteko judizialaren aitzakian, Frantziako hizkuntzak "altxorra" direla adierazi du, eta aurrerantzean aterabide bat bilatu beharko dutela erantsi.
Legeak lege eta jakobinismoak jakobinismo, herri txikien hizkuntzen aldeko lanak aitzina darrai eta fruituak ematen ari da. Ondorengo hilabeteetan ikusiko dugu aferak zein bide hartzen duen.

Bitartean Seaska, Calandreta, Bressols, Diwan... atxik eta beti aitzina!!!