Xabier Morras, Juan José Akerreta, Pello Azketa edo Jose Ignacio Agorreta izan zitekeen, baina Pedro Salaberri Zuntzarreni fortunatu zaio aurtengoan Vianako Printzea Saria. Bazen garaia arte plastikoetako ordezkari batek Foru Erkidegoaren kulturgintzaren goi-ohore hau jasotzeko.
Iruinxeme prestu eta petoa, ibilbide luzekoa dugu Salaberri edermargo kontuetan. 60ko hamarkadan pintzela, margoak eta mihiseak taxuz eta trebe astintzeari ekin, eta beste zenbait artistarekin batera, lehenago Basianok eta Zigak landuriko alorra, nafar margogintza alegia, bi koxka gorago ekarri zuten, irudi zoragarriz osatu ondare batez.
Arkitekturaren inguruan hasi, koadroak ondoren, antzerki eszenografiak gero... Ospe handiko 72ko Iruñeko Arte Topaketan ere aritu zen Salaberri. Haren emaria etengabea eta oparoa da eta oraindik orain grinaz lotzen zaio sorkuntzari.
Gaztetan mendizale fina izaki, ez da harritzekoa haren leit motiv nagusiak Iruñerri inguruko bazterrak izatea: mendiak, Pirinioa, euskal kostaldea, Bardea... Haiengandik gai poetikoa eta lilura ateratzen du lanketa harrigarri batez. Naturaren behaketa patxadatsu eta xehea garatzen du, margo-orban lau eta zabalekin, sentsazio bare, sakon eta iradokizunez beteak lortuz.
Izadia, hiritar zein larretar, haiku piktoriko bilakatzen duela aipatu dute kritikariek eta egia da halako sorgintze bat eragiten duela ikuslearen begiradan: ilunabar lausotuak, mendi magalen loratze zein zimeltzea, zeru-ertz ñabartuak, garizelai ferekatuak... Natura berbizitua era berbisitatua.
Bejondeiola Salaberriri, eta margo berri on.