Iraileko bigarren erdian gaude, udazkena mustu berritan eta lan-ikas-edo jardunurte berriari ekin genion orain aste batzuk. Bitxia da, urte hitzak ur forman eta kontzeptuan du jatorria, eta aurtengoan bederen uretik gutxi eduki dugu azken hilabeteotan. Hala ere, uraren zikloak oparotasun ala eskasean etengabe darrai, eta harekin batera gure biziak.
Bada, berriz ere udazken mantsoa haren haize zurrunbiloekin, kolore festarekin eta etxeratzeko aginduarekin-edo. Izan ere nahikoa etxeratze eta festa nahiz ebento baraua izan dugu joan diren bi urteotan, eta horratx berriz San Kiriko, S. Pedro zelai, Artzai Eguna, Donostiako Estropadak, pilota jaialdi jendetsuak edota errepideetako dentsitatea.
Hurrengo birusaldiaren zain gauden honetan, pandemia aspaldi urruneko mamu potrozorri eta zitala bihurtu dugu eta lehenagoko ohituretara itzuli gara apatxeko handirik gabe.
Ofizialki inork ez du aldarrikatu Covidaren heriotza, baina laster izurritearen inguruko irizpenak eta bilanak iritsiko zaizkigu. Kirmen Uribek mundua hobea izango zela poetizatu zuen Berrian argitaratu olerki naïf batean, baina ez dirudi inondik ere koxkatxo batean ere gora egin dugunik gizatasunaren aldapa malkartsuan.
Aitzitik, neguko uhinaldia mundu osoan apaltzen ari zelarik, ahaztuxea genuen gerraren izurritea harrotu zen berriz, zinez gordin eta gugandik oso gertu, Ukrainako lurretan, zirenak eta ez zirenak buruz behera itzulikatuz, eta historiaren hariak nahasiz eta bihurrikatuz epe ezinago laburrean.
Eta honatx, zer den denboraren joana, soilik sei hilabete geroago, orain nor gogoratzen da Ukrainaz? Gasaren eta energiaren kostuen igotzeaz bai, ederki jabetu eta gogoratzen gara. Hotzarekin batera etorriko zaizkigun fakturak gogoan ekinen diogu udazkenari.
Honetan ere dejavu sentsazioa.