Halako moldez non, Durangoko Azoka haren jendetzaz eta samaldaz, stand-ez eztandan, lagun batzez eta irrikidetzaz berpiztu den atzera berriz, bisitariei dagokienez orain arteko kopuruak urratu ez baditu ere. Euskal kulturgintzaren erakusplaza dotoreena, alaiena eta oparoena galaiz jantzi eta
2019koaz atzeragoko girora eraman gaitu sorioneku, liburuz, diskoz, posterrez, Seaska egutegiaz, taloz, gaztaina errez zein Goienkaleko zurrutez.
Izan ere, birusaldiaren ahultze bortitzaren aurrean, jendarteak, krisia eta gerlak gora-behera, karrikak, ostatuak, dendak (baita online salmentak) astindu eta ohiko Eguberri festa sorta aletzeari ekin dio bare, handikiro eta goxo.
Bada, gabon gogo deritzan lege epel horretara itzuli gara ahalera kasik osoan, argi itsugarriak eta guzti; antza, gure baitako argiak aski ez izan, eta sabelari itsasoko lanak emanez eta opariak buruhauskailu, egun hauetako zurrunbilo eroan murgildu gara.
Afarilegeak, bazkarilegeak (ezen ez barazkilegeak), ardo egosiak, gabon kantaldiak, zozketak, Maridomingi eta Olentzero ere ahaldundurik, urteberriko ibilaldia, Vienatik Danubio txit urdinean igerialdia berriz...
Eta gu hertzainen eta Maialen eta Ametsen bedeinkapenez, beheko suaren txinpartei begira elurminez agian, ondoreneko belaunaldien puskak bereganatzen ari ote garen, ez ote garen
agortzen ari. Zantzu (ia) guztien arabera kontsumismoaren erromeria alaitsua hamarkada gutxitan bere azkenetara doa, gure liseriketa astunak lagun eta lekuko.
Eguberri eta urte berri on igaro.