Ekainaz geroztik Altsasuk badu beste ispilugai bat literaturan, eta beste goitizen bat, Altsuondo, alegia.
Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea-n Obaba ondoko bazterra zen Alaska hotela eta Altsasuko tren geltokia. Helena Tabernaren La Buena nueva zinema-sorkarian Altzania izena hartzen zuen hiribildu ferrobiarioak; bada, oraingoan Macondo izena (baina ez izana) gogora dakarkigun toponimo batez jantzi du Etxeberriak Burunda, Altzania eta Zangituko herria.
Ipuin sorta zoragarria dugu Pamielak argitara eman duen liburu hau, mimo eta lanketa xehez zizelkatua, ikertze eta entzute prozesu luze eta arduratsu baten fruitu ondua. Atal bakoitzean apaindura garratz, ezti edota iradokiorrez josia, aurreko eta ondoko pasarteak hari mehe bezain sendo batez harilkatuak.
Altsasu (barka, Altsuondo) eta XX. mendea, horra lan horrek hesitzen dituen bi koordenatu zehatzak. Egun bizi ditugunak ulertzeko premiazkoa dugu oinarrizko jakintza bat edukitzea, eta liburu honek, hitz eta tankera ederrez beti ere, hainbat gako eta tresna eskaintzen dizkigu egungo Altsasu konprenitu ahal izateko, eta modernitatearen sarrera gure bazterretan, hiru belaunalditan barrena, beren ideia, teknologia, bide, eta oinaze nahiz atseginbide berriak aintzat hartzen direlarik.
XX. mendea ardatz, beraz, eta Altsasu itxuratu dutenak agertoki hutsa baino puskaz gehiago dira ipuinetan barrena: tren geltokia Belle Epoque-an, balnearioa eta guzti, kanpotarren etorrera eta egokitzea, gerra zibilarenak, Euskararen galera isil eta mingarria...
Funtsean Altsasu gogoangarri bat, haren lurrin, hots eta margo ñabarrekin. Esaten ez den gutzian asko esaten delako, bejondeizula Izaskun, honelako beste batzuk etor bitez.
Udan badugu zer irakurria!