Astekoa

Haize Berriak 25 urtez Sakana egiten eta eragiten

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko ots. 20a, 09:40

Iazko abenduaren 30ean, pandemiaondoko urteari akabaila xarmant eta zoragarria emateko Burunda pilotalekua galaz jantzi zen ikuskizun berezi, handios eta txukun bat aterbetzeko. Zortziehun sarrerak egun batzuk lehenago agortu ziren, ikusmina gaitza zen, eta frontoira sartzeko ilara ere ebentoaren muntaren erakusle eta lekuko zen. 

Posmodernitatearen eta efimerismoaren garaian ez da erraza mende laurden bat betetzea edukiz, ganoraz eta ahalegin sortzailez, are gutxiago dirua akuilu eta sari ez denean.

Bada, oparo eta naroki osatu du Haize Berriak-ek orain arteko ibilbide luzexko eta aberats hau. Banda honek meritu ugari ditu, errepertoriotik abiatuta, ausardia erakusten du, mota anitzeko piezak landuz eta jorratuz: herrikoiak, ezagunak, abangordiakoak, alaiak, berri-berriak, zapore mikatz eta garratz dituztenak, baita goxoz beteak ere. Bestalde Sakana saretzen duen asmo luzerako proiektua dugu honako hau, bailara osotik datozen musikariak (baita adin oso desberdinetakoak ere) batzen baititu. Halaber, nabarmentzekoa da hainbat festa eta ospakizun herrikoitan egiten duen ekarpena, xarmaz, alaitasunez eta dantzarako deia eginez.

Beste 19 talderen konplizitateaz emanaldi zinez ahaztezina osatu zuen bandak, eta soirée hau segurutik luzaz geldituko da egon ginenon gogoan. Burunda pilotalekua hainbat ikuskizun historikoren lekuko izan da, nik, bederen, bihotzean dauzkat Amalur, Mainamikirri edota Oskorriren edo B. Lertxundiren kontzertuak, frontoia alderik alde lepo jendez eta emozioz beterik. Oraingoan ere emozioak gainezka egin zuen, apaingarri ezinago eder eta bikainez osaturiko emankizun, sentikari edo hunkikari honetantxe.
Esker mila Haize Berriak eskainitako guztiarengatik, espero dugu erakundeetatik behar adina laguntza jasotzea, merezi duzue-ta. Betoz xarmaz, magiaz, sorkariz eta hunkigarriz, musikaz alegia, beteriko beste 25 urte sorgindu, gutxienez.