Astekoa

Alaskaenean, barne muinetik

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko api. 3a, 09:10

Castillo Suárez atzera berriz, ari da boloak egiten bere azken poemategiaren aitzakian.

Alaska du grazia, eta izenburuak toki urrun bezain hurbil, izoztu bezain epel eta erreal bezain magiko batera garamatza. Iragan hurbila eta oraina, desirak eta oinazeak barne besarkatzen dituen leku, edo ez-leku bat dugu Alaska hau, modernitatearen eta dekadentziaren aztarnak batera dakartzana. 

Etzegarateko toki, jatetxe, ostatu, hotel honi  hainbat hamarkadatan bizitza jario zitzaion azal mintza guztietatik; egun, ordea, langa baten barruan, gatibu da, garai baten lekuko isila. Bernardo Atxagak gertalekutzat hartu zuen Soinujolearen semea eleberrian, eta orain Castillok itzuli digu toki hau, doluz eta zauriz, baita bizitze grina osoz ere, eta halakoa izan zuen liburuak premiêre-a, Altsasuko beilategi edo tanatorioan, natural-naturala. 
Oraingoan hitzaurre batez hornitu digu liburua poetak, eta hastapena iradokiorra da guztiz: 

"Lehenago edo geroago iristen da negua. Elurra ez, ordea". Ondoren ageri dira berrogeita hamar pasa olerki, nolabait ere lehengo Irautera poemategiaren ildoari jarraikitzen diotena. Suárezek berak aitortu du Irautera-ren bonus track-a dela honako hau, eta bonus track-ekin ibiltzea arriskutsua dela. Bada, uste dut  idazlea onik atera dela onartutako erronkatik. 

Olerki sortaren muina berriz ere (des)amodioaren aldarteak dira; olerkariak irudi ausart eta txundigarrien bidez azaltzen ditu harremanen ondoko orbanak. Alaska honetan Zu omnipresente, poliedriko eta anizkoiak zipriztintzen du giroa, eta naturako elementuek, hotz larriaren tonuek, baita animaliek nahiz zuhaitz-landareak ñabartzen dute atmosfera tinko eta sarri bat. 

Edizio lana ederra da, azaleko irudia zoragarria, oihartzun sakonak eta irudi emankorrak nonahi, horra horietako bat:" Eta tarteka elurra zikindu dezagun berriz garbi egongo den ziurtasunez".