Astekoa

Jendarte nekatu batean

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko mai. 22a, 09:29

Badira bizitzan barrena bereganatzen ditugun irudipen, bihotzondoko, sentsazio eta aldarteak, gogoan finkatzen diren iraupen luzeko hautemate dexente, baina hitzetan nekez hesitzen ditugu, eta berba zehatzetan batu arte eremu lausoan gelditzen dira. 

Horiek horrela, Kontseilua-ko Idurre Eskisabel idazkari nagusi berriak elkarrizketa batean gordin bezain natural bota zuen perpausa: "jendarte nekatu batean bizi gara". Eta  nik esaldia nuen maite. 

Izan ere, diagnostiko egokia iruditzen zait euskal (baita erdal, latu senso) gizarte(et)an somatzen den akidura edo pattalgogoa deskribatzeko. Apika egostaldi aztoratu batean hazi ginen Parisko maiatzaren eta kontrakultura giroaren ondorioz etorritako umeok: auzo elkarteak, feminismoa, antimilitarismoa, nazio emantzipazioa, ekologiarekikoak, euskalgintza, irrati libreak, gazte asanbladak, herri festak, gaztetxeak eta mota guztietako hamaika mila ekimen, bilgune eta saretze. 

Militantzia, konpromezua (sic) eta ardura ziren kontzeptu handi eta serios horietako batzuk, kontziliazioa eta zaintza, artean aintzat hartu gabeko eremuak.  

Masa kultura ekintzaile eta eraikitzaile bat agertu zen ahalegin eta neke ugariz, baita hamaika beso eta irrikaz. Bi belaunaldi joan dira geroztik, eta nago kontsumismoa (ezen ez kontsumoa), teknologia, irudia, lehia, presaka ibiltzea, espektakulua eta indibidualismoa direla orain zerbitzatu beharreko kontzeptu berriak. XX. mendeko azken herenean altxaturiko jendarte sarea desegiten ari da. Hainbat ekimen sozial eta herrigintza proiektutan erreleborik ez dago. Pandemiak lanbide honetan ez zuen deus eman, ez kendu. 

Kontuak kontu gizarte berri bat osatzen ari da, lehenagoko aitzur lan eta izerdirik gabe. Chat-gpt deritzanak beharbada diseinatu eta definituko digu ernatuko dena.