Astekoa

Miamin auzi mardula

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko uzt. 3a, 10:41

Eta potoloa. Berriki abiatu da  Miamiko Auzitegian Donald Trump akusatuen aulkira ekarri duen beste auzi bat, eta ustez usadioari jarraiki, onik, oso zutik eta beti bezain lepotente atera beharko luke presidente ohiak kausa honetatik ere. Badira, hala ere, elementu batzuk, honako honek zerbait desberdina ekar dezakeela pentsatzera garamatzatenak. Epaiketa federala dugu hauxe, eta egozten zaizkionak  nazioaren segurtasunarekin loturik daude, hortaz, oraingoan, gona edota diru-ustelkeria konturik ez dago.
Joan zen urteko irailean Altsasun Pensilvaniako ezagun batek serioski gaztigatu zidan: "Amerikako Estatu Batuetan gerra zibilaren arriskua benetakoa da". Erantzun nion, txiste txarra eginez, bertakoek etxeetan dauzkaten armategiak ikusita reality galanta izanen litzatekeela, baina etorkizun hurbilean ez dudala gertagai ikusten gerra hura, apika hamar, hamabost urte barru bai, oraindik orain, ez ordea. Ondoren Pensilvaniaz eta Kaliforniaz aritu ginen, bietatik zein altxatuko den lehenik independentziaren alde.  

Hautsak harroturik gori dabiltza Yosemiteko inperioan, Mikel Reparazek oso argi azaldu zuen "arrakalen" bere liburuan estatu batuarren gizarteak sakonki zatiturik jarraitzen duela, eta iragan urrun eta hurbileko zauri eta oinazek gaiztotu eta garrazturik dirautela. Inguruabar honetan Trump airatu eta kontrolgabe baten ekarpena izutzeko modukoa izan daiteke; hartara eskubide sozialen borrokan ari direnek, etorkinek, beltzek, LGTBIek, feministek, ekologistek eta enparauek egoera itsusia dukete aurrez aurre (sekula ez dute ederra izan, alajaina). 

Txina, bitartean, te goxo bat presarik gabe hartzen duelarik, erraldoi itsuaren eroriaren zain da.