Tarteka bero errealdi itogarriz, tarteka goiz fresko lanbrotsu eta ilunabar hozkirridun, inoiz edo behin ekaitz harrotu bakanen bat, hala doakigu poliki-poliki aurtengo uda, geure opor xedea ase nahian edo bestelako ahaleginetara emanak.
Uztailaren batean Iortian (barru eta kanpo) ekitaldi txit mamitsu eta akademikoa bizitzeko aukera ukan genuen; izan ere, Altsasuko alaba, Arbizuko bizilaguna, eta, agian, oroz gain, olerkaria den Castillo Suarez euskaltzain oso egin zuen Euskaltzaindiak goizbeteko jardunaldian. Poetak –ahaide, gogaide eta lagunen aurrean– maitasun botaniko bat oparitu zien entzuleei eta, oro har, euskal irakurleei; iratzea eta irautea nagusi, baina kostaldeko limoien garrantzia eta garratza ahaztu gabe. Sarrerako hitzaldi eder, hunkigarri eta magikoa harilkatu zuen Suarezek. Ontasunaren inguruko haren azken aipu eta desideratuma ere bertaratuen gogoan geldituko da.
Urmuga musika ziklo guztiz gomendagarriak hirugarrenez Aralarko Aizpearron egin zuen erronda, eta aurreko bietan ez bezala, giro heze, lanbrotsu eta hotzean gertatu zen. Musikari eta entzule batzuk hotzak akaturik garatzen ari zen emanaldia, Alex Sardui bionikoak publiko gehiena zutik eta dantzan jarri zuen arte. Ondoren, Lakuntzako samalda kementsuak biribilketa ezinago alaitsuari ekin zion Oskorriren Compostelan erromes doinuaz, eta ikuskizunaren ustegabeko akabailan Rikardo Goikoetxea Uharteko artzainak azken bisa eskaini zuen, eta sakandar bertso sorta bat abestu.
Aurten ez omen da udarako kantarik izan. Hala eta guztiz ere, ABBA suediarra beti itzultzen da. Eta uda honetan, zalantzarik gabe, Waterloo igo da berriz goiko postu nagusietara.
Uda hondar on!