Astekoa

Entzun Israel

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko abe. 18a, 13:33

Lerrook idazten ari naizenean, Gazan 18.000 erahildako aipatzen dira, Nakba deritzanaren azken atalean, eta hondamendiz hondamendi eta gorpuz gorpu aletzen ari da Palestina edota Kanaan aldeko historia XX. eta XXI. mendeetan. 

Europa kristauak Erdi Aroan zehar, tsarren Errusiak XIX. mendean eta alemaniar nazismoak joan zen mendean eragindako jazarpen, progrom eta sarraskiak ordaintzen ari dira palestinar musulman eta kristauak azken larogei urte honetan (auzia 1948tik baino lehenagotik dator), eta larrutik eta odol hustutzetik ordaintzen ari da Palestina, mundu ustez kristau, demokratiko eta humanistaren nagusien bedeinkapena lagun.   

Urriaren 7ko triskantza basati ta doilorraren ondorioz piztu da azken oldarraldi orosuntsitzailea, eta garbi esan dezadan, judutarrak ez dira egoera genozida honen arduradunak, egungo sionista koloniazaleak baizik, eta Netanyahu bezainbat Biden, Trump, Von der Leyen, Milei edota Sunak bezalako agintari sionista ahaltsuak, txikizio hau hitzez edo armez babesten ari  direnak; nonbait hauen iritziz Ukrainarik ez dago Palestinan. 

Badira, bestalde, judutar herritarren artean, neurrigabeko sarraski honen aurrean ahotsa ozen altxatu dutenak, Jewish Voice for Peace esaterako. Elkarte honek munduko judutar komunitateei eta Israelgo gobernu eta jendarteari gazatarren eskubideen aldeko aldarria plazaratu diete argi eta garbi, gerra beharrezko honen argudio guzti-guztiak birrinduz arrazionaltasunez eta emozioz.

Garaia du berriro ere Israelek, eta bere egungo sionismo kolonial hiltzaileak profeten esana buruaz eta bihotzaz entzuteko: Ezpatak golde bihurtuko dituzte, eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren kontra altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko (Isaias 2, 4). Orduan Jaun ahalguztidunak makurraraziko ditu harro, handiputz eta burutente guztiak (Isaias 2, 12).  Shema Israel.