Hegoafrikan apartheid sistema kriminala ez zen berez hondoratu, herritar beltzek, oro har, (eta beste arrazatako gutxi batzuek) parekidetasun egoera lortze aldera, sekulako ahaleginak eta bi egin zituzten hamarkada gogorretan establishment supremazista birrintzeko. Umiliazio, jazarpen, lapurreta, erailketak ezin ahala konta izan ziren. Bestalde Angola, Mozanbike eta Namibiako gerlak gatazka honen osagarri odoltsua izan zirela ez dugu ahazteko.
Nazioarteko komunitatearen jarrerak ere apartheid-a amiltzea eragin zuen, eta ondorioz Mandelak gidatzen zuen mugimenduak arraza guztiendako taxubide politiko bat ahalbidetu zuen.
Alta, herrialde boteretsu askotxoren jarrera denbora luzez apartheid-a babestea izan zen, horra hor Erresuma Batua, AEB edota Israel, besteak beste. NBE eta hainbat herrialderen ekinbideak Hegoafrika zigortu eta bakartzeko oso eraginkorrak izan ziren, baina hastapenean herrialde gutxik ekin zioten irmo jardunbide horri.
Oraingoan Hegoafrikak, aitzindari izaki, Hagako auzitegira Israelen aurkako salaketa ekarri du; halaber Bolivia, Indonesia, Eslovenia, Txile, baita anitz herrialde musulman tankera ezberdinetan Palestinarren alde egiten ari dira. Herrialde eskandinaviarrek, ordea, behiala herri zapalduen alde nabarmentzen zirenak isilik diraute, o tempora o mores, Ukrainako gerlaren beste alboko kalte bat, ala eskuin muturraren gorakada gaitza Artikopean?
Nazioarteko komunitateak Israel gauzatzen ari den sarraskia geldiaraziko badu, eragile ugariren konpromisoaren premia du, eta datozen hilabeteak erabakigarriak gertatuko dira. Paradoxikoki Hegoafrikan apartheid sistema 1948an martxan jarri zuten, eta hamarkada luzeetako borrokaren eta ekarpen ugariren laguntzaren ondorioz, gobernabide anker hura amaitu zen. Hegoafrikak ez du ahantzi historiaren zati hau, aspaldian jaso elkartasuna orain eskaintzen du berriz.