Sakanak hiru eskualde, hots, Burunda, Aranatz (berez, gaztelaniaz Barranca deritzana) eta Arakil. Behinola eztabaida izan nuen Jose Mari Satrustegi zenarekin, hitzaren jatorriaz. Satrustegik latinezko Ara Coeli ikusten zuen jatorrian, nik, ordea, Aranatz, Araia, Aralar izenetan antzematen nuen ulerbidea.
Bada, Arakil aldeak badauzka aparteko interesgune natural, kultural eta artistikoak, Aralarko Jaun Done Mikel monumentu multzoa buru, Zamartzeko gunea, San Donati (eta San Kaietano) baseliza, baita Euskal Herriko erdigune geografikoa den Olibeko Sarioko Saroia, Irañetako dermioan.
Halaber, bada Egiarretan Itxasperriko Santiago baseliza, eta huraxe da La Ermita filmaren ekintza gunea. Bertan Carlota Pereda zuzendariak historia fantasmagoriko bat ondu zuen iaz; Horiek horrela Belen Rueda, Josean Bengoetxea edota Loreto Mauleon aktoreek izuzko drama gotiko bat gorpuztu zuten, tarteka The Exorcist, tarteka El día de la Bestia gogora ekartzen diguna.
Bestalde, Miren Agur Meabe idazle handiak Lekeition eta Uharte Arakilen kokatu du bere azken eleberria, Itzulerak. Duela urte batzuk guaixeren bidez izan nuen nik Martija Jauregikoaren berri. XVI. mendean bizi izan zen titulurik gabeko sendagilea dugu Martija, eta haren bizitza hartzen du oinarri Meabek Lekeitio eta Uharte, XVI. eta XX. mendeak lotzen dituen kontakizun eder bat osatzeko. Apirilaren 26an Uharten eginen du idazleak liburuaren aurkezpena.
Amaitze aldera, Arakilgo Errotzen eman ditu zenbait urte Patxi Biskert aktore, eta orain zuzendari denak. Bada, Otaño bertsolariaren bizitza gai hartuta, Onbuaren itzala filma zuzentzen ari da Patagonian eta E. Herrian. Ea diru bilketa txukun egokitzen den eta Donostiako Zinemaldirako prest duen.