Ulisesek Troian 10 urte eman ondoren, beste hamar behar izan zituen Itakara itzultzeko. Bada, 40 behar izan ditu gabarrak itzultzeko. Kontu bitxia eta zinez misteriotsua da, bilbotar apoteosi bat iragartzeko sinbolo hau, halako zera vintage eta zaharkitua, hots, ontzi xume eta subalterno bat, berez mugitzen ez dena, bere baitan proletalgoa eta burgesia lotzen dituena, dirutza eta beharra, itsusia eta dotorezia elkartzen dituena.
The show goes on eta Bilbok Belle Epoque-ko elementu industrial gutxietsi eta zakar bat posmodernitatera ekarriz, espektakuluaren maila psikodeliko gorena lortu du, Ander Lipus eta La Fura dels Baus-en laguntzarik gabe.
Ikuskizun kosmiko honek, ordea, ez du munduaren amaiera ekarri, batzuek hala pentsatu genuen arren, eta aste batzuk igarota, unibertsoak lehengo lepotik jarraikitzen du. Bada, honen harira,ekar dezadan hona Bernat Etxeparek 1545ean izkiriatu LVPn Iudicio Generala olerkiko profezia apokrifo hau:
"Trompetada minçaturen mundugucietaric/ hilac oro iayqui huna çuyen hobietaric/ beccatoreac bozcarioz jin zaytezte/ aberaxac nola pobriac eçen/ Irybar biserarequi etorriren da/ eta haren alde banatan/ Pitchitchi eta Telmo Çarra/ jarriren dyrade thornuyan/ eta heyen onduan Andramary Begoinaco eta Azcouna/ Arçalyus eta Francis Doctore tchit Deseocoa/ La Oxoa eta Maryxaya/ eta Tchopoc erranen deraue/ munduco jende eta elementu guçiei/ goaçen oro elgarrequi ene adichquidiac/bethi eta seculacoz ene glorian/ Dessir oro conplituric alegria handian/ Yguzquia egonenda çurigorriz orienten gueldiric...".
Hala ere, apokalipsi guztien ama ez da gauzatu (oraingoz). Hemen gaude eta poztutzen gara, hurrengo Armagedon-aren zain, hori bai Lipusek eta La Furak antolatua bada, hobeki.