Astekoa

Jon Sarasuaren azken puntua (oraingoz) eta meza gezak

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2024ko eka. 24a, 09:52

Jon Sarasua Maritxalar atxabaltar sortzailea, euskal intelligentsiaren partaide dugu aspaldi luzean. Bertsolari, intsumiso agerikoa (hainbat arlotan), pentsalari, irakasle, idazlea, Euskaldun berriaren balada, Topa dagigun edota Insumisoarena abestien hitzen egilea besteak beste; Nevadako Tahoe lakuaren ondoan Maximiliano, España es una enfermedad errimarik gabeko aforismo zehatza bota zuen halako batean.  

Bada, azken asteotan bazter bakan batzuk astindu ditu, egungo bertsolarien diskurtso hegemonikoa hizpidera ekarri duelarik. Haren ustez, azken hamarkadetan bertsokeraren banda zabalera progresismoaren agindu estuetara  mugatu da, bestelako hautu ideologikoak bertso plazatik kanpo utziz. Horiek horrela, Iñaki Segurola zenaren epaizko kontzeptu bat ekarri du plazara, meza gezarena, hain zuzen, dejavu guztiz prebisibleak iragartzen dituen jarduna.  

Egia da euskaraz gorpuzten diren eztabaida ideologikoak oso ertzetik eta apal hotsez iragaten direla; gaztelaniaz eskandaluaren predikatzaileek (Savater, Cela, Arrabal, Umbral, Perez Reverte...) elementu gutxirekin ikuskizunaren bazterrak ongi hornitzen zituzten/dituzte, pentsamenduaren maila kaxkar samarra izan arren. 

Sarasuak egindako bi pareta gaiztoari gutxik heldu diote, Markos Zapiainek edo Jokin Muñozek arrapostu edo zeharkako aipamena egin diote. Ez oso aspaldi, Jose Mari Esparzak ere hauts mingarri batzuk harrotu zituen migranteen auziaz bere ikuspuntua plazaratu zuelarik, eta baten batek estalian, aitorlekuan bezala belarrira esaten zizun "uste dut arrazoi puska koxkorra duela". 

Bitartean, zenbait txosnaguneren mugarritzearen auzia lau haizeetara zabaldu da hots handiz. Oinordetza kontuak ez dira inon, inoiz errazak gertatu.