Astekoa

Badoa eta heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2024ko ira. 9a, 10:32

Maleta gurpil hotsak espaloi gainean erabat apaldu ez badira ere, egunargia nabarmen laburtzen zaigu irail hasmentan. Altsasuko festak eta Donostiako Zinemaldia ere ikusmiran dauzkagula, udara badoa eta udazkena agudo heldu zaigu, bere ohiko agenda, freskura eta jardun biziarekin, baita errutinaren magal antzaldatuetara itzultzearekin. 

24ko uda badoakigu aurtengo edo iragan urteetako abestiekin, zein nahiago duzue, ba? Idoia Asurmendiren Hitzetan, Olaia Intziarteren Denak begira daudelarik? Zetak-en emanaldi jendetsuetan zoramen katartikoa eragiten duen Aralarko Dama? Ala aukeran kuttunago dituzue Nøgen-en Nora, edo Süneren sorkariek ito ez duten Huntzaren Lasai?   

Badira, bestalde, aspaldidanik noizero adorez berpizten diren horiek, esate baterako, Gwendal-en Irish Jiga, gurean abuztuko festaurrekoetan inoiz baino Aupa Etxarri-ago gorpuztu zena, zuzeneko ahaztezin batean. Halaber, oso aspaldiko beste bat, Abba-ren Waterloo paregabea, sekula baino performatibo eta iheskorragoa.

Olinpiar Jokoei kontraprogramazioari eginez irakurgai ederrez ere laketzeko parada ukan dugu. Niri dagokidanez, K. Jaioren Maitasun kapitala eta Lizar Begoñaren Mundu zitalaren kontra aleekin gozaldi polita izan dut, maitasun erromantikoaren inguruko teoria eta praktika batean, eta Benidorm-eko agertokian itzaltzen diren eta sortzen ez diren munduak bestean. 

Halaber, B.Gandiagaren hainbat olerki berbisitatzeko aldia ere eduki dut, baina beste baterako utziko dut 50 urte bete dituen poemategi hau.  

Iraila hortaz, eta harekin batera betoz liburu, abesti, sentsazio, zirrara, elkar hartze, ibilaldi, bizipen nahiz ekinaldi berriak. Jardun urte on!