Irailaren 26an Pikuxarreneko ganbarazelaian ilunabar mamitsu eta zinez xarmantaz gozatu ginen hara bertaratu ginenok.
Garabide, Aretxabaletan (gipuzkoarrean) egoitza duen Gobernuz Kanpoko Elkarte bat da; haren xedea hizkuntza gutxituen sustatze lanetan eta garapen proiektuetan aritzen diren kolektiboei laguntza eta trebakuntza eskaintzea da. Ameriketako hizkuntza indigenen aktibistek parte hartzen dute Garabideren formazio jardunbideetan: aimara, guarani, kitxua, maia, kreolera, nauhatl, maputxe, nasa... Baita Rif-eko tamazight-ak edota kurdistandarrak ere.
Hamaika errealitate eta egoera, baina erronka eta ahalegin bat eta bera: nork bere hizkuntzari bultzada ematea, eta euskaltzaleok ongi dakigunez, ez da inondik inora ere lantegi samurra. Hiru elkargotako partaideak izan genituen hizlari: Yukatango hiztun maia, Ekuadorko hiztun kitxua eta Kolonbiako hiztun nasa.
Gutxitze bidean eragin duten faktoreak aipatzean bat egin zuten: diskriminazioa, mespretxua, lotsa, bazterketa, transmisiorik eza... Biziberritze eragileak, ordea, ziren bertan: harmonia, erresistentzia, lurrarekiko lotura, komunitatearen indartzea.
Bi hizlariren kasuak bitxiak dira, haien inguruan bertako hizkuntza dakiten haur bakarrak baitira haienak. "Norekin solastuko dira gure hizkuntzan?" zioen aita batek. Tafallako ikastola bisitatu zutenean haurren artean euskara inguru erdaldun batean tokia hartzen ari dela ikusi zuten bertatik bertara. Hau kontatzean malkoak zerizkiola hunkitu zen Yukantango gizona, eta entzuleak ere harekin hunkitu ginen.
Bejondeizuela hizkuntza aktibistoi eta Garabide, ikastaroa emankorra gerta dadila, zuekin gaude beti.