Azken garai honetan ernatu eta indartu da atzera berriz iratxo erraldoi doilor eta maltzurra, giza izaeraren ezinbesteko osagai gerlari eta suntsitzailea, sekula lekutu ez zena, baina txoko batean, zigortu antza, herabetua zegoena.
Egun, harro, zakar eta handikiro dabil munduan militarismoa bazterrik bazter, hamarkadetako legatu antimilitarista sendoa birrindu duelarik oso denbora gutxian.
Europak ez omen zion ipartar Ameriketako inperio zuriari behar adinako arma gastua egiten eta Merkelen ondare pragmatikoa firikan bota ondoren Ukrainako auziak bidea ireki zion zabal-zabal arma dantza berri eta ongi hornituari. Berlingo harresiaren deuseztearen ondoren, Balkanetako, Ruandako eta Golkoko gerraldiek eutsi zioten garrari eta gudu giroari, baina epel, beti ere.
Ukrainakoak eta azkenaldion Palestinakoak beldurra, izua eta ikara berritu eta zabaldu ditu planetako lau haizeetara, eta mugimendu antimilistaristak (Vietnameko zikloaz geroztik arrakastatsu eta eragile bilakatu zena) erretiratze taktiko eta ordenatuari ekin dio diskrezio osoz.
Espezie bezala gaizki, oso gaizki goaz eta ez dirudi epe laburrean, ziaboga egingo dugunik taxuzkoago, bidezkoagoa den zerbaiten bila. Azken mendeetan zientziak eta teknologiak aitzina egin dute izugarri, azken hamarkadotan informatika alorrean zer esanik ez, Adimen artifizialaren lehen garapenera iristeraino. Giza eta gizarte zientzietan teorian apika bai, praktikan ordea? Nago urrats izuti bat (NBEren sorrera) baino ez dugula egin, gerlagintzan dozenaka urrats egin diren bitartean.
Etxe Zurian maizter zahar-berria (ezen ez berritua) etortzekotan da, bere adrenalinadun segizio ondo hormonatuarekin. Zenbat urte iraunen du ziklo guduzale honek?