Jose Mari Esparzak berriki eman du argitara Zumalacárregui y la República de los Pirineos liburu mamitsu eta datu esanguratsuz josia. Entsegu honen abiapuntua Mikel Sorauren historialariak aurkitu dokumentu batean datza, 1834ko agiri honetan Madrilen den Nafar Diputazioko goi kargudun batek Zumalakarregiren ustezko asmo errepublikazalearen berri ematen du. Errepublika asmo honek Hegoaldeko lau lurraldeak besarkatuko lituzke.
Bada, karlismoa eta haren adar ugari eta guztiz kontraesankorrak funtsezko osagai izan dira 1832tik hona euskal historia garaikidea ulertzeko. Nik agian Napoleonen garairaino ekarriko nuke auzia, karlistaldiak Frantziako politika iraultzaile/kontrairaultzailerik gabe nekez ulertuko ditugulako.
Karlistak eta liberalak, lehengo Agramont/Ganboa eta Beaumont/Oinatz berriak. XIX. mendeak badu, ordea, gehigarri ideologiko modernoa, eta gaurdaino iristen dira oihartzun urrun eta haiek. Nafarroa Garaian, historiaren gaineko ikuspegiak kontrajarriak dira guztiz, eta hainbat pasarte historikok (Irulegiko eskuak, Orreagakoak, Navas de Tolosakoak, 1512koak, Karlistaldiek, Gamazadak...) ulerbide desberdin eta gatazkatsuak eskaintzen ditu.
Afera da Esparzak (Tafallakoak) herritar karlismoan hazi errepublikazale, abertzale eta berdinzaleak nabarmentzen dituela, klase borrokaren elementuak gehitzen dizkiola, eta ulerbide hori oso urruti dago karlismo erreakzionario, ultramonarkiko eta katoliko oldarkorretik.
Jakina da karlismoak garatu zituela zenbait adar diferente eta elkarren guztiz etsai. Halaber, 1936an karlismo hegemonikoak izan zuen eginkizuna eztabaidaezina da.
Nolanahi ere den, eztabaida historiografikoa lantegi hau astindu eta aberasteko egoki gerta daiteke. Egungo liberalak erantzuteko prest ote daude?