Astekoa

Itsatsita

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2025ko mar. 17a, 08:08

Bada Primeran.eus plataforman atal txit irigarri bat, Itsatsita deritzana, arrakastatsu samar gertatu dena, eta antzerki pieza sorta baterako gai mamitsua eskain dezakeena.

Bikote hetero bat auto barruan larrusaio gartsua amaiturik, ez aurrera ez atzera gelditu da, hankarterik hankatarteenak ezin bereiztuaz, elkia eta ontzia bat eginik. "Penis cautivus" egoera kliniko hau milioika ugariren artean behin edo behin suerta daiteke ugaztunen artean. Badira, ordea, giza espeziean, XXI. mendean esteka berri dexente, eta ez naiz ari urteberriko merkealdia dela-ta sortzen diren ilarekiko liluraz, horiek bestelako buztanak eta leizeak ditugu. Pantaila ttiki (baita handi) mota guztien alderako uztartzeez ari naiz: ordenagailu, tablet edota mugikorren bidez gauzatzen den horietaz, hain zuzen.

Oraingo gure aldi hau, besteak beste, teknologiaren etengabeko garapen tximistak egikaritzen du, hain denbora gutxian, hain goizetik gauera, non ez garen gauza hurrengo hilean zein asmakizun berrik ñabartuko duen gure egunerokoa.

Eta horiek horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukerak, efimerotasun jariatsu batek deabruak eta aingeruak eraman eta ekartzen dizkigula. Onurak ageri-agerian ditugu eta handiki gorapaituak; alboko kalteak, oso agerian ere, baina era berean susmopean eta kontsumismo guztiz ero eta alaitsuak xurituak. Jazarpen telematikoak, iruzurrak, mota guztietako adikzioak, harremanen galtzea, haurren porno alderako sarbide erraza... Inoiz baino komunikatuago, bakardade latz handi batean.

Nire suminaren elikagarri, zenbait eskolatan mugikorra baimentzen diete; Chromebook, tablet nahiz ordenagailuak ez ote aski? Aitzakiak aitzakia gabiltzalarik, herrialde batzuetan hasi dira lanbide honi serioski heltzen eta neurri zenbait hartzen.

Andimendiko artzainek taxuz eta zuzen ondokoa diote: kanpotik lainoak zuriak dira, barrutik, ordea, beltzak.