Nosotros du izena Helena Taberna altsasuarraren azken filmak. Maitasun hautsi, edo higatu baten historia kontagaitzat hartu du oraingoan, eta martxoan zehar txardeldegian eduki dugu, pantaila handietan ikusgai.
Taberna ibilbide koxkor eta mamitsua, xume bezain esanguratsua itxuratzen ari da azken hiru hamarkadotan zinemagintzaren bidezor estuetan barrena. La mujer de Lot, Emiliana Zubeldia, Nagore, Yoyes, La buena Nueva edo Acantilado dira, besteak beste, altsasuar honen sorkari nabarmenetako batzuk.
Oraingoan Isaac Rosaren Final feliz eleberrian oinarritu da ildo narratibo sendo bat osatzeko. Bertan, maitasun harreman baten porrota pantailaratu du, hastetik buru.
Historiaren garapena modu minimalista eta sotilean gertatzen da, bikote harreman baten (alaba eta guzti) gorabehera gordin batzuk agertzen dituela. Gurean aspaldi luzetik porrot itsusitzat jo da ezkontideen bereiztea, apika araubide judukristauak eta maitasun erromantikoaren usteak hartara beharturik. Bada, kontrako ulerbidetik funtsatu du Tabernak filmaren mezua, alegia, ez da porrota, ez hondamendia, gerta daitekeen aukera bat da, besterik ez, eta bizipen horren zorion tartea (bere laburrean bada ere) aintzat hartu behar dugu.
Karmele Jaiok Maitasun kapitala eleberri bikain ezagunean amodio erromantikoaren teoria eta praktika (posible bat) aurrez aurre paratu zituen modu harrigarrian, bukaerari drama-printzak dexente orraztuz. Horiek horrela Tabernaren filmak eta Jaioren liburuak antzeko hipotesi bat zirrimarratzen dute. Polita litzateke jendaurreko topaketa bat bi sortzaile hauekin. Altsasun adibidez. Baina berdin Iruñean, Bakion edo Donostian.